Nahiago izaten du zalantzaren amaieran hiru puntu jarri, eta itaunketa unea ezabatu eta aurrera jarraitu.
Aldiz, ni neu galderetan kateatzen naizen horietakoa naiz. Baina, hiru puntuen segida lar iruditu eta puntu bakarrarekin arriskua ekiditea ere gertatu zait maiz.
Arriskua diot, sarritan erantzun batzuk deserosoak izaten direlako. Belarrietan min eragiten duten horietakoak. Belarrietan ez ezik barnerago ere erasan egiten dutenak.
Galdera ikurrak ere horrelaxe adierazten du. Hasieran zuzen hasi eta ondoren kurbatzen den marra bat da. Non, puntu batek geldiunea markatzen duen.
Halere, erantzunik ez duten galderak buruan ibiltzeak, beste erantzun batzuk aurkitzea ere badakar.
Beraz, erantzunen esperoan, galdera parentesi arteko espazioan uzten dut, baina parentesirik ez dut itxiko. Zuk erantzunik badaukazu, itxi dezazun.