Agian, denbora bat bizitzen ari garela esan genezake. Gu izan gara eskuetatik ihes egiten digun horri urteak, hilabeteak, egunak, orduak, minutuak eta segundoak erantsi dizkiogunak.
365 egun, 53 aste, 12 hilabete, hainbat urte… gutxi da guztia, denborak hartu duen abiadurarentzat.
Urre prezioan erosten dugu denbora. Agortzen ari da. Erosten dugu zakukada bat eta itota sentitzen gara. Erosten ditugu bi, eta sentitzen gara itoago. Lan egin beharrak ebasten digu zakutik. Eta lanegunik ez dugunetan denbora aprobetxatzen saiatzeagatik hartutako konpromisoek baita. Denborak beterik behar duen sentipenez bizi gara. Ekintzez beterik. Ordu galduek bizitza galdu batera kondenatuko gaituztelakoan. Urduritu egiten gara zer eginik ez dugunetan. Eta ahaztu egin zaigu bizitzen. Denboraz gozatzen. Ordu galduen beldurrak kondenatu gaitu. Denbora aprobetxatzearen okerreko kontzeptuak.
Ez dakigu bizitzari entzuten. Itsasertzean eseri, eta olatuei so egiten. Begiak itxi, eta gure barruarekin hitz egiten. Harri koxkor baten gainean pausatzen eta bizitza usaintzen. Iragana aztertzen eta geroa marrazten. Denbora galdu deitzen diogun horretan benetako bizitza aurkitzen.