Goiena: 25 urteko ibilbidea

Herrigintzaren indarra

Erabiltzailearen aurpegia Maider Morras Azpiazu 2025eko abenduaren 4a

Ospakizun eta efemeride artean igarotzen ari gara Goienaren 25. urteurrena.

Ez da nolanahiko mugarria mende laurdena ospatzea, ibilbide luze baten emaitza oparoa da, askoren ekarpen eta ekintzailetasunaren emaitza aberatsa, dagoeneko gure komunitatearen parte den altxorra. 

Egunotan pozik eta umoretsu aritu naiz ikusten Goiena telebistan Hala bazan saioa. Senide eta lagunak identifikatzeaz gain, garaiko Debagoienaren nortasun eta erradiografia ederra jasoz. Eta atzera begiratzeko ariketa horretan, "hala bazan" gure herria, "halakoek sustatuta" izango zelako hausnartzera eraman nau saioak; eta Goienaren jatorrira erreparatzea ezinbestekoa egin zait, nondik eta nortzuengandik sortu zen aztertzeko. Izan ere, Goiena ez zen bat-bateko sorkuntza izan, urte luzez landu eta mamitutako elkarlan eta ekintzailetzaren emaitza izan zen. Herrigintzatik eta herriarendako sortua.

Ezin ahaztu, beraz, bidea zabaldu zuten tokiko proiektu komunitarioak: Arrasate Press, Berrigara, Goibekokale, Aretxagazeta, Kontuola eta Ze barri? Guztiak herrigintzatik, eta, zehazki, euskalgintzatik sortutakoak izan ziren. Askoren esfortzuz aurrera atera zirenak. Helburua garbia zen: tokiko albisteen bitartez, euskarari eta euskal komunitateari hauspo indartsua ematea. Ez dakit garaiko bultzatzaileak jabetuko ziren, baina tokian tokitik eta herrigintzatik, nazio eraikuntzan ari ziren. Arrasateren kasuan, AED izan zen Arrasate Press astekariaren sortzailea. AED elkarteko militante eta euskaltzaleak, pertsonak, herrikideak. Horregatik, AEDko bazkide eta euskaltzaleak ere zoriondu nahiko nituzke. Orduko urrats ausart hark gaur egungo Goiena ahalbidetu zuelako, gure komunitatearen parte bilakatu den komunikabidea. Herrigintzatik eta herriarendako, beste behin.

Badagokigu ere aurrera begiratzea. Euskararen aurkako oldarraldi betean gauden honetan, tokiko hedabideen rola inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Oldarraldiaren problematizazioa mahaigaineratu eta euskal hiztunon berme informatiboa zaintzeko erronka izango du Goienak. Gaurkotasuna euskaratik eta euskararen alde kontatzeko. 

Gonbidapen itxaropentsu batekin amaitu nahiko nuke. Jarrai dezagun komunitatetik, herrigintzatik, eta herri honen alde, ate berriak zabaltzen. Eskualde ekintzailea gara, elkarlanerako prestuak, eta saiatuak. Inork ez du herri hau gugatik eraikiko. Jarrai dezagun, ba, bide berriak arakatuz, eta ate berriak zabalduz! Zorionak Goiena Komunikazio Taldea osatzen duten langile, bazkide eta laguntzaile guztiei. Beste hainbeste ospatzen jarrai dezagun, euskaratik eta tokian tokitik.

----------

Maider Morras Azpiazu

Arrasateko alkatea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak