Garbiketako langile, erizain laguntzaile, erizain eta medikuei. ZIUko Natiri, zure ardura eta xalotasunagatik; Juani, zure goxotasunagatik; seigarren solairuko Eiderri, izozkiagatik; eta Thissen Baronesa-ri, zure umore onarekin ama alaitzeagatik.
Zuen begirune, zaintza, ardura, txantxa eta maitasunak gure egonaldia arindu du. Inor gutxiesteko asmorik gabe, nola ahaztu bide honetan euskaraz hitz egin diguzuenak; zuen ahalegin txikienak ere etxe bihurtu du ospitaleko gela tristea. Genero, jatorri, zeregin eta kategorien gainetik, musukoaren atzetik zuetariko bakoitzarengandik jaso ditugun begirada konplizeetan pertsonari errespetua eta duintasuna helarazi diguzue. Zuen enpatiarekin amaren arnas bakoitza humanitatez jantzi duzue, eta pertsona hitzaren esanahia goitik behera jantzi. Amak hala sentitu zuen, baita guk ere. Guztien izenak ez ditugu gogoratzen, baina jakizue gure bihotzetan izango zaretela betiko.
Luzaroan Osakidetza izan da gure ongizate sistemaren altxorra. Hala goraipatu izan du euskal gizarteak. Zuek zarete Osakidetzako altxorra. Lan baldintza kaskarrak, txanda amaigabeak, prekarietatea eta baliabideen mugak albo batera utziz zuen ekinaz handi bihurtzen duzuelako egunez egun osasun sistema publikoa.
Osasun sistema publikoak dira ongizate estatuen sendotasunaren erakusle nagusiak. Hemengo eta hango agintariei gure eskaerarik irmoena, osasun sistema publiko eta unibertsala bermatzeko beharrezkoak diren baliabide materialez eta giza baliabideez hornitu dezaten. Hori ez da pribatizazioekin konpontzen, ezta langile sanitarioen soldatak azalaraziz zuritzen ere. Profesional talde ikaragarri honen premiak entzun itzazue; ozen, argi eta garbi esaten dute zer behar duten, behar dugun.
Sagardui eta Urkullu: pandemiako txaloez haratago, ez dugu "ohitura aldaketez" mozorrotutako murrizketarik onartuko; zaindu dezagun gure osasun sistema publikoaren benetako altxorra: Osakidetzako langileak, zuen esku dago horretarako baliabideak jartzea.
Betirako eskertuak.
----------
Maider eta Gaizka Larrañaga Leunda
Loli Leundaren seme-alabak
Bergara