Jakina da osasun sistemaren eta bertako langileen egoera nahiko larria dela; hori dela eta, konplexuagoa da herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea. Askotan entzuten ditugu: "Nahiago dut larrialdietara joan, familia-medikuarekin txanda hartzeko egunak itxaron behar ditut eta"; edota: "Larrialdietan hiru ordu igaro nuen zain…". Aipatutakoa errealitatearen parte da.
Kontua da gizakiok urduritasun uneetan txanponaren alde bakarra ikusteko joera dugula, aurrez aurre dugunari leporatuz gure frustrazioa. Eta, agian, gauzak ez daude aurrean ditugunaren esku. Testuingurua ulertzen dugunean, gutxiago sufritzen eta sufriarazten dugula uste dut. Gure eskubideak aldarrikatzearen alde nago, baina paradigma horretan esker onekoak izatea dagokigu. Norberari begira jarrita, Osakidetzako eta, bereziki, Txagorritxuko onkologia taldeko profesional guztien izugarrizko lana azpimarratu nahiko nuke.