Jakina da kapitalismoak giza jokabideetan eragiten duela eta moda edota ohitura berriak sortzen direla. Horrela, itxurakeriaren zepoan jausi eta sare sozialetan moda horien gatibu bihurtzen gara. Nietzsche eta Marx bezalako jakitunek aspaldi identifikatu zuten egun gizakiok barneratuta dugun alienazioa. Askotarikoak daude, baina, kasu honetan, norbera izatearen ordez beste batentzat izatearen hori islatzeari egingo nioke erreferentzia. Kontua ez da munduari erakusteko helburuarekin egiten dugula adieraztea. Eta garrantzitsua da egiten duguna zergatik eta zertarako den zalantzan jartzea.
Ez da inbidiatik sortutako kritika, ni neu bainaiz horren partaide, baina goazen egiten dugunaren kontzientzia hartzera. Askotan ez baikara ohartzen izokinen antzera guztiok ur-korronte beretik egiten dugula bidea. Eta horrek konparazioz eta frustrazioz beteriko putzuetan jaustera eramaten gaituela.