Jakina da gurasoen etxetik geroz eta beranduago eta baldintza okerragoetan ateratzen direla. Faktore ugarik dute eragina gazteen emantzipazio berantiarrean. Izan ere, etxebizitza erosteko zein alokatzeko prezio garestien eta egungo lan merkatuak eskaintzen dituen aukera urrien ondorioz, emantzipatzea utopia bihurtu da.
Beste zenbait joera ere agerian utzi dituzte azken ikerketek. Oso nabaria da generoari lotutako arrakala: emakumeak lehenago emantzipatzen dira gizonezkoak baino. Hala ere, iturri ezberdinetan kontrastatutako datu bitxi batekin egin dut topo: emakumeak lehenago emantzipatzen dira, baina bikotekidearekin edota lagunekin. Gizonek ere bikotekidearekin egiten dute, gehienbat; hala ere, bakarka emantzipatzen direnen ehunekoak handiagoak dira emakumeenak baino. Azken horrek gizonen eta emakumeen emantzipazio-eredu desberdinen berri ematen du. Zeintzuk izan daitezke datu horien faktore-eragileak? Badirudi gaztea eta emakumea izateak aukerak murrizten dituela.