Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak gonbidatuta etorri zen, kooperatibismoaren sortzailea aurrez aurre ezagutzeko aukera izan baitzuen kazetariak.
Helburua beste bat izanik, Gabilondok ez zuen aipatu Ulmaren, Oronaren eta Mondragon korporazioaren artean sortu den korapiloa. Arizmendiarrieta, baina, soluzioak bilatzen abila bazen, pentsatzekoa da ez zela anai-arreben arteko liskarraren erdian eskuak gurutzatuta geratuko. Herri honetan sotanadun askok egin legez, bitarteko lanetan imajinatzen dut nik. Zeren, egon ete da bitartekaritzarik kooperatibismoaren baitan bizi izandako krisi honetan? Egin diren akusazio gogorrak entzunda, ezetz ematen du, ez dela inor saiatu.
Bi aste barru argituko ei da dena. Orduan jakingo dugu dibortziorik egongo ete den Arrasateko kooperatibismoaren baitan. Gertatzen dena gertatzen dela, baina, Copreciko langile bat eta Ulma Packagineko beste bat Gabonetako poteoan elkartuko dira laster, edo mahai berean eseriko dira familia bazkarian.