Eguzkia ere sorosleekin ados jarri, eta inoiz baino lehenago jo behar izan dugu neguko jantzietara. Aldapa gogorretarako, mendiko jantziak egokiago. Izan ere, horrela aurkeztu zaigu ikasturte berria, aldapaz eta galderaz betea. Uda joan da, baina birusa geratu da. Negua probatu gura duela dirudi. Eta gu, bitartean, tontorrera iristeko bide egokien bila ari gara.
Eguzkitsu egiten zuen birusaren inguruko gogoeta egin nuen egunean ere. Karnabal domeka, Aretxabaletako erdialdea jendez lepo zegoen, eta jendea dantza batean kalean, nioen moduan, eguraldia lagun. Italiako herri batzuetan itxialdia hasi berria, eta Veneziako Inauteriak bertan behera, parranda hura denboraldi batean azkena izan zitekeela pentsatu nuen. "Azken dantza?", pentsatu nuen, inori esaten ausartu gabe. Goizegi, alarmak pizten hasteko.
Ordutik hona, zenbat aldatu diren gauzak. Epidemiologo ez bilakatu arren, zertxobait ikasi dugu. Badakigu nola kutsa gaitezkeen, eta nola babestu norbera eta ondokoak. Birusari zirrikitu gutxien uztea, momentuz, hori aukera bakarra. Batek daki Gabonek eta geroago Aratusteek zein itxura izango duten, eta nola ospatuko diren. Neurriak, planak, pazientzia eta, bereziki, imajinazioa beharko dira datozen hilabeteetan ere. Baina datorren uda, kanta ezagun batek dioen bezala, inoiz baino alaiagoa izanen da. Beraz, hemendik edo handik eguzkia aterako da. Eutsi!