Zugatik, Nagore

Erabiltzailearen aurpegia Maria Agirre 2018ko uzt. 13a, 00:00

Duela hamar urte, sanferminetan hil zuten Nagore Laffage. Haren argazkiak oraindik ere zirrara eragiten du.

Modu krudelenean eten ziren neska gaztearen ametsak imajina ditzaket.

Udako oporraldia hasi berri, jaietan murgilduta, eta heriotza eragin zion Diego Ylanes-ekin elkartu zen. Haren etxean gertatutakoak mina ematen du.

Nagoreren irudiak hunkitzen nauen moduan, haren hiltzailearenak nazka eragiten didala ez dut ukatuko.

Amorrua ematen dit ospitale batean bata zuria jantzita dabilela jakiteak. Baina ez ditut lerro hauek alferrik galduko ezetz entzun eta ulertu eta onartu ez zituen basapiztiaren inguruan jarduten.

Nagore Laffageren heriotzak zein Manada boskotearen talde bortxaketak eta ondoren etorritako epaiketak oihartzun handia izan dute komunikabideetan eta gizartean.

Emakumeon kontzientzian ere eragin dute. Asko, eragin ere.

Hala galdetzen zidan lehengoan 12 urteko neskatila batek. Ea gu gazteak ginenean horrelako kasuak izaten ote ziren. "Izango ez ziren, ba!", erantzun nion.

Baina asko isildu egiten ziren, larriak ziren kasuetan emakumeek apenas izaten zutelako babesik, eta beste askotan, oso onartuta zegoelako ukitu edo erasoak nolabait onartu beharrekoak zirela. Atzera begiratuta, denoi datorkigu burura horrelako kasuren bat.

Gauzak, baina, aldatuz doaz, bai emakumeon kontzientzian zein gizartean. Apurka-apurka, baina badoa. Badakit emakumeak kalean aske eta lasai ibiltzeko oraindik asko geratzen dela. Arrasateko sanjuanetatik Aretxabaletara gauez oinez joateko, neskatilek klaseko mutilen laguntza eskatzen jarraitzen dute oraindik. Gaua ilunegia egiten zaigu oraindik, eta kaleak babesgabeak. Atzetik datozen pauso hotsek zalantzaz betetzen gaituzte. Baina indartsuago gaude, eta izango gara. Zugatik da, Nagore.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak