Ardiak eta txakurrak

Erabiltzailearen aurpegia Maria Agirre 2015ko uzt. 24a, 09:03

Arrasate igaro, saihesbidea utzi, eta Aretxabaletara sartzera noa betiko errepidetik.

Bide zaharretik. Garai bateko irudia datorkit burura. Aretxabaletako sarreran, eskuinaldeko zelaian Joxe Bixente Etxaberen ardiak belarra jaten egoten zireneko argazki hura. Udaberrian espektakulua izaten zen. Zelai berdean, ardi zuriak lasai ederrean, eta ondoan bildotsak saltoka. "Ze irudi elegantea herri baten ongietorrirako!", pentsatu izan dut behin baino gehiagotan. Artista onenaren eskultura batek ere ez luke hobetuko. Ezta esaldi borobilena idatzita lukeen kartelak ere.

Aspaldiko partez ez dut ardirik ikusten zelai horretan. Autobidearen lanekin zatartu egin zen inguru hura, eta, noiz edo noiz behi batzuk bazkatzen egoten badira ere, azkenaldian, belar luzeak eta sasiak hartu ditu inguruak. Ze aldea! Asko galdu du Aretxabaletako sarrerak.

Donostian esperimentua egin nahi izan dute ardiekin. Zelaiak garbitzen finak direla eta, aurreko alkateak Ametzagaña izeneko parkean ardiak jartzea pentsatu zuen. Segituan, txakurzaleak gainera etorri zitzaizkion. Gune hura ezin zitekeela hesitu, eta txakurrak libre, korrika ibiltzeko gunea zela aldarrikatu zuten.

Nik gero eta ardi gutxiago eta gero eta txakur gehiago ikusten ditut; bai Donostialdean, behintzat. Gero eta arraza arraroagoko txakurrak, tankera edo tamainagatik, beldurra emateraino. Txakurrek eta haien jabeek hartu dituzte mendiak, zelaiak eta baita herriak ere. Eta kaletik zoazela, joan behar duzu lotuta zein ote doan eta zein ez begira. Eta adi, bi txakurrek tril egiterakoan hasten den borrokaldiak gertu harrapa ez zaitzan. 

"No hace nada!", esan zidan jabeak, txakurrak kosk egin baino segundo batzuk lehenago. Eskerrak gabardinari heldu zion, bestela izterrean haginkada.

Ardiak eta txakurrak. Bikote banaezina orain arte. Artzain-txakurrak, baina, apenas ikusten diren, eta zelaietan ardiak, gero eta gutxiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak