Azkena

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2025ko uzt. 24a, 00:00

Kontu transzendentalekin pasatzen zait, baina baita oso azalekoekin ere.

Zerbait azkena izan daitekeela pentsatzen dudanean, zentzu guztiekin zukutu eta dastatzeko beharra sortzen zait. Ez baititugu berdin bizitzen gure ustetan agortzera doazen bizipenak edo berriz ere esperimentatuko ditugula pentsatzen dugunak. 

Azaleko kontuekin hasita, orain puri-purian dugun uda deitzen diogun sasoi honetan askotan izaten dut sentsazio hori, bereziki amaiera dutela dakidan oporretan. Ez ditut berdin bizitzen lehen bainua edo hondarrekoa izan daitekeela deritzodana, ez naiz arreta edo presentzia berarekin ibiltzen aste batzuez etxe bihurtzen diren kale horietatik iritsi berri nagoenean edo banoanean, ez diot berdin begiratzen paisaiari berehala nire begien aurretik nire oroitzapenetara pasatzera doala dakidanean. Garagardoaren azken tragoa, izozkia agortzera doaneko miazkada, postrearen azken hozkada, kontzertuko azken kanta... Begiak itxita irensten ditut, sentitzen ari naizen horretan guztiz murgiltzeko. Baina beste zenbat uneren gainetik pasa naizen konturatu gabe, arreta jarri gabe, agian lehen eta azken aldiz. 

Egoera sakonagoetara pasata, zein luze eta hertsiak izaten diren norbait denbora luze baterako edo, agian, betirako agurtu behar duguneko besarkadak, zein sutsuak muxuak. Eta, aldiz, zelako erraz agurtzen dugun egunero "gero arte" edo "bihar arte" lehor, aseptiko batekin betirako adio esan beharko bagenio azken hatsera arte beso artean estutuko genukeen hori. Zelako erraz geroratzen ditugun ezohiko jarduerak edo juntaixak bihar ere egunak argituko gaituela eta guztiak eta guztiek hor jarraituko dutela ziurtzat hartuta, pentsatzen dugulako beste une batean aukera izango dugula gure bizitza intentsitate gehiagorekin bizitzeko, gure sentimenduak kalitatez adierazteko.

Azkena bereziki gozatzen eta sentitzen arduratzen gara. Baina kontua da amaiera edozein unetan iritsi daitekeela bizitza honetan; oharkabean pasatzen utzi dugun hori, eta gero balitekeela besterik ez izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak