Urte erdi berria urte berri ofiziala baino askoz hobea dela dio mezuak; eguraldi hobea egiten duelako, festa horrekin erlazionatzen dugun janariaren prezioa merkeagoa delako... Merkantilizazioak alde batera lagata, arrazoirik ez zaio falta: egunok esanguratsuak dira, eta badira mugarri edo ziklo aldaketa natural bat.
Asko dira egun hauetan sanjuanetan murgilduta ibili diren Euskal Herriko herriak, asko piztu diren suak. Munduko beste txoko batzuetan ere, Andeetako herrialdeetan esaterako, ekainaren 21a eta 24a bitartean –negu australeko solstizioaren inguruan– Inti Raymi (eguzkiaren festa) ospatzen dute; bereziki, herri kitxuek. Ipar hemisferioan udaren hasierarekin lotzen ditugu egun hauek, paradoxikoki udako solstizioarekin egunak laburtzen hasi eta Lurrak negurako bidea hartuko badu ere.
Gure egutegian urtarrilaren 1arekin hasten dugu ofizialki urte berria, hor egiten dugu aurreko 365 egunen balantzea eta finkatzen ditugu datozen 365etarako asmo –on– berriak. Baina udako sasoiak ere –bereziki, udako oporrak– markatzen du lehenaldi eta geroaldi bat, batez ere urte akademikoaren logikan mugitzen garenontzat –irakasleak, udan programazioa aldatzen duten hedabideetako langileak...–.
Balantzea egiteko unea izan daiteke, datorren kurtsora begira hobeto egin nahi ditugunak zehazteko, ongi egin ditugunak errepikatzeko, aho-zapore mikatza utzi digutenak ahazteko. Edo, besterik gabe, geldialdi edo parentesi bat egiteko unea izan daiteke, berrabiarazte bat; segundo batzuez itzalita eduki, eta piztean magiaz bezala ongi funtzionatzen duen ordenagailu edo mugikorra bezala. Solstizioan gertatzen den bezala, non badirudien eguzkia gelditu egiten dela bere norabidea alderantzikatu aurretik zeruan egiten duen itxurazko desplazamenduan, opor egun horietan badirudielako gizartearen zati batek bederen bizitza normalarekiko etenaldi bat egiten duela, eguzkiarekin sinkronizatuz bezala, ondoren berriro ere negurantz eramango duen inertzian murgiltzeko.
Naturak dena asmatu zuen gure aurretik.