Bunkerretik* Kartzela Zaharrera

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2025ko mar. 14a, 00:00

Joan den igandean, aspaldiko partez, Anariren kontzertuaz gozatzera joan nintzen Bergarako Gaztetxera Kartzela Zaharrera.

Bertan etxea duen Txapa Irratiak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizunen baitan antolatu zuten bandaren kontzertua. Hamarkada honetan zehar irakurri nauzuenok soberan dakizue zein gustuko dudan bere musika, edo, zehatzago esanda, bere letretako unibertso kontzeptuala, lerro hauetara sarri ekartzen dudana. Esaten ari nintzen bezala, aspaldiko partezjoan nintzen. Aspaldiko partez diot, azken diskoa atera zuenetik urtebete pasa delako eta joan den astera arte ez naizelako prest sentitu.

Orain dela 10 urte inguru Anari deskubritu nuenean, unibertso bat ireki zitzaidan; barrura begirako unibertso bat. Izan ere, iruditzen zait bere disko asko autoezagutza(rako) gida itzel eta bortitzak direla. Bere letra askorekin guztiz identifikatu nintzen eta nik neuk bizitako barne prozesu batzuk abesti eginda aurkitu nituen, nire bizipen propioak hobeto ulertzeraino. Badira, ba, abesti batzuk badiruditenak guretako, guri buruz idatzita daudela? Ba, hori.

Aldiz, azken disko hau kanpora –mundura, gizartera– begira egina dago(ela esango nuke). Hamar kantatan aurri-zorian den mundu batek hondoa jotzen duen lehen seinaleak –bere hitz propioak erabiliz– deskribatzen dizkigu. Entzun nuenean pentsatu nuen: "J**er, badakit. Gizartea eta mundua bera pikutara doaz, baina hain garbi eta gordin esan beharra al zegoen?". 

Esango nuke hamarkada batzuk daramatzagula gizarte bezala barrura begira; postmodernitateak ekarri zuen errealitate likidoaren korronte indibidualistan murgilduta, autoezagutza eta autorrealizazioa bandera bihurtuta. Plazer txikiekin min handiak arindu nahian. Anariren iruditeriari erreferentzia eginez, gure intimitatearen bunkerrak eraikitzen. Batzuk sinbolikoak, baina, geroz eta gehiago, fisikoak, errealak.

Nahikoa film eta telesail distopiko eta apokaliptiko ikusi ditut jakiteko ezer gutxirako balio duela gotortzeak, ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzeak, mundua pikutara doa edo joan da eta. Baina, benetan: beldurra ematen du/dit gaur egun gertatzen ari den guztiari aurrez aurre begiratzeak.

Beldurrak zeharkatu egin behar omen dira gainditzeko… Ez dakit; momentuz, abestu egingo ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak