K.a.-K.o.

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2025ko ots. 14a, 00:00

Joan den astean, Santa Ageda bezpera Oles eguna ospatu genuen.

Gabonen Neguko oporren eta Aste Santuaren udaberriko oporren artean, lurra kolpatuz abestuz naturari esnatzeko eskatzen diogun eguna. San Blas Anis-opilak ere ez ziren falta izan hainbat egunez.

Ez, ez dira tipografia akatsak. Laikotasunerantz pausoak ematen hasiak dira hainbat eragile eta erakunde –tartean, Ikastolen Elkartea–, eta hori dela-eta berrizendatu dituzte hainbat ospakizun eta moldatu dituzte ospakizun horietako kantak eta hitzak, besteak beste. 

Ez dut ukatuko: oraindik ere, arraroa egiten zait Oles eguna gurean dugu/Euskal Herriko eguna abestea edo neguko eta udaberriko opor zoriontsuak opatzea. Baina imajinatzen dut kristautasunak gure inguruak kolonizatu zituenean ere arraroa egingo zitzaiela ordura arte gurtu zutenari santuren baten izena jarri behar izatea. Guk orain tradizionaltzat edo normaltzat dugun hori noizbait ere berritasuna izango zelako.

Ariketa osasuntsua iruditzen zait normaltasuna auzitan jartzea, eta, Oles eguna baino egun batzuk lehenago –urtarrilaren 29an– txinatarrek beraien urte berriari ongietorria egin ziotela aprobetxatuz, ikasleei kontatu nien gu 2025ean gauden arren txinatarrak 4723an sartu berri zirela edo amazigak 2975ean daudela, eta mundu guztiak ez duela urte berria urtarrilaren 1ean ospatzen. Buruak eztanda egin zien, beraiek esaten duten bezala. 

Eta ni ere pentsatzen jarri nintzen: noraino sakontzeko prest gaude? Noraino sakondu dezakegu? Aurretik zegoenera itzultzeko nahikoa ezagutza dugu edo aurrera begira eraiki behar dugu tradizio berria? Zenbateraino da eraldatzailea urtean behin abestuko ditugun kanta batzuen hitza aldatzea, historia eta denbora bera Kristo aurretik eta Kristo ondoren kontzeptuak oinarri hartuta ulertzen jarraitzen badugu?

Esajeratzen ari naiz, badakit. Baina lehen ere esan dut gauzak auzitan jartzea gogoko dudala. Zalantzarik gabe, nonbaitetik hasi beharra dago, eta lehen ere mundu ikuskera eta ohiturak ez ziren egun batetik bestera aldatuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak