Zer gertatzen ari den diot, eta ez informatzeko, informazio-iturri fidagarri izateari aspaldi utzi ziolako, bereziki txori urdina x hizki multifazetikoak ordezkatu zuenetik.
Ohitura dut munduari leiho digital horretatik begiratzeko. Denbora askoan zehar oso erabilgarria izan zait, gai eta gertaera global edo oso zehatzei buruz hedabide, erakunde, aditu, aritu edo norbanakoek idatzitakoak irakurtzeko. Hala ere, jada pandemia garaitik –eta, bereziki, Elon Muskek erosi zuenetik–, gertaeren inguruko albisteak adina konspirazio-teoria aurkitu daitezke.
Joan den asteko AEBetako Kalifornia estatuko suteek jarri naute azkenengoz honetan pentsatzen. Berehala egin zen California trending topic eta hasi zen suteen inguruko berri, datu, argazki eta bideoen bonbardaketa. Baita konspirazio-teoriena ere: aseguru-etxeek suteen estaldurak ezeztatu zituztela hilabete batzuk lehenago, suteen aurretik argindar-kableetan txinpartak ikusi zirela, suhiltzaileek erabiltzen dituzten ureztatze-ahoetako ura moztu zutela, 2028an Los Angelesen antolatuko diren Olinpiar Jokoetarako eraiki behar dena eraikitzea errazagoa izango dela erretako lursailen gainean...
Fidagarri eta serio deritzodan Argia astekarian bilaketa bat egin nuen orduan, konpentsatu eta kontrastatzeko. Haren arabera: "Klimaren erotzeak ekarritako haizete lehorrek eta AEBetako administrazio publikoak sarritan halako hondamendiei aurre egiteko erakutsi izan duen ezintasunak azaldu dezakete, hein batean, gertatutakoa. Baina Los Angelesen american dream-a muturrera eraman izanak ere badu zerikusirik. Eremu horietan guztietan, aberatsen auzoek mendian gora egiten dute, eta hiriaren besoak mugarik gabe hedatzen dira, etxe-landaketa estentsibo baten moduan. Horrek arrisku bat baino gehiago dauka; horien artean, Kaliforniako klima mediterraneoan hain ohikoak diren suteen artean amaitzekoa".
Une batez heldu nion X-ko teorien amuari, sinesgarri egin zitzaizkidan. Eta horixe da gaur egungo paradoxa: horrenbeste aldiz engainatu gaituzte, ezen jada ez baitugu, badaezpada, ezer sinesten, eta, aldi berean, edozer sinesteko gai bihurtu gara. Testuinguru bikaina desinformaziorako eta manipulaziorako.