Beraz, ohetik salto egin eta dutxako txorrota martxan jartzen zuen, ura berotzen joan zedin komunean puxika husten zuen bitartean. Ilea garbitzen zuen lehenengo eta gorputza ondoren; belakiarekin gorputza igurtzi ahala xanpuak bere eragina egin zezan. Xaboi arrastoak kendu eta lehortu bitartean, egun horretan zer jantziko zuen erabakitzen zuen, armairuari begira denborarik ez galtzeko. Behin jantzita, sukaldera joaten zen eta kafea jartzen zuen martxan lehenengo; kafetera txistuka hasi orduko ogi xigortua eta fruta eta jogurt ontzia prest izateko. Gosaldu bitartean posta elektronikoa begiratzen zuen zurrutada eta zurrutada artean, lanera iristen zenerako egin beharreko lehen zereginak argi izateko. Denbora aurrezteko.
Lanera joateko gidatzen zuen bitartean, egun horretan afaltzeko zer prestatuko zuen hasten zen pentsatzen; hozkailuan zuena mentalki errepasatuz eta falta zitzaiona arratsaldean lanetik etxerako bidean erosiko zuela erabakiz, askorik desbideratu gabe hurbil gelditzen zitzaion supermerkatuan, denbora askorik ez galtzeko.
Goizeko lanaldia amaitu ostean, bezperan prestatutako tuperra berotzen jartzen zuen mikrouhin-labean, eta minutu horiek komunera joan eta eskuak garbitzeko aprobetxatzen zituen. Bazkaldu bitartean, egunkaria irakurtzen zuen gaurkotasun gaiekin eguneratzeko. Jaten amaitu eta lanera itzultzen zen, eta ordenagailua pizten zen bitartean lanetik ateratakoan egin beharrekoak birgogoratzen zituen, denbora aprobetxatzeko.
Lanetik atera orduko, aurretik pentsatuak zituen enkarguak egiten zituen, eta, etxera iristean, labea eta sukaldeko errobota programatzen zituen, afaria eta hurrengo eguneko bazkaria prestatu bitartean etxeko lanak egiteko. Afaltzeko garaia iristen zitzaion orduan, eta, murtxikatu bitartean, agendari begiratu bat ematen zion, hurrengo egunean zeregin bereziren bat zuenentz baieztatzeko.
Eta, azkenean, eguneko zeregin guztiak amaitu eta besaulkian lasai esertzen zenean, erlojuari begiratzen zion, eta jabetzen zen –beste behin– denboraren aurkako borroka galdu zuela; berandu zelako eta jada ez zuelako astirik egunean zehar aurreztutako denbora aprobetxatzeko.