Harreman iraunkor eta zoriontsua dudan arren, asteburu bat pasa berri dut harekin eta jada denborari bultza egin nahian nabil gure hurrengo topaketa lehenbailehen iristeko. Bitartean, oroitzapenekin hartzen dut atsegin klandestinuki, edo amets egiten dut berriz elkar ikustearekin. Begiak ixten ditudan bakoitzean, horrenbeste gozarazi diguten zokoetan imajinatzen dut neure burua, eta, irekitzean, tupust egiten dut egunerokotasunaren eszenarekin. Eta ez da agertoki desatsegina... baina, esan bezala, bihotza erdibiturik dut.
Urteak daramatzat batekin errutina solido eta gozagarri batean bizitzen, hainbat bizipen harekin elkarbanatzen. Gorabehera handirik gabeko bidaia baten sosegua eskaintzen dit, eta beti pentsatu izan dut nire lekua haren ondoan zegoela. Erosoa da, ezaguna, fidagarria. Hala ere, bihurgunerik gabeko autobide batean denbora luzez gidatzean gertatzen den bezala, bat aspertu egiten da aurreikusi daitekeen bide linealarekin, eta estimatzen hasten da kurbaren bat edo beste, paisaia aldaketa bat.
Orduan irudikatzen hasten naiz bestearekin izango nukeen bizitza. Izan ere, harekin partekatzen dudan denbora beti denez mugatua, une guztiak zukutzen ditut, eta beti da suspergarria. Beste itxura bat, beste usain bat... Harekin ditudan bizipen guztiak dira zoriontsuak. Egia da bizitza izango zitekeenaren simulazio laburrak baino ez ditugula partekatu –hasiera eta amaiera jakineko denbora tarteak– eta erraza dela berria, desberdina eta kitzikagarria denera katigatzea. Parentesi artean, nahi dena egitea. Agian, salbuespen den horrek lilura galduko luke arau orokor bilakatuko balitz...
Zorionez, uda dator eta horrek ahalbidetuko dit, beste behin, nire maitalearekin denbora gehiago pasatzea. Urtean zehar egiten dizkiot hainbat bisita, baina ez naiz sekula asetzen. Agurtzen garen orduko, haren albora berriz noiz itzuliko pentsatzen hasten naiz, eta garai hau iristeko irrikaz egoten naiz, elkarrekin luzaroagoz gozatzeko.
Nire herria asko maite baitut, baina Pirinioek amorante bezala ez dute parekorik.