Betiko bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2022ko aza. 25a, 00:00

Askotan amets egin dut hilezkortasunaren ideiarekin.

Heriotzarekiko kontzientzia hartu nuenetik haren beldurra dut eta nire buruan betiko bizitza agertu izan da alternatiba desiragarri gisa. Izan ere, angustia handia sortu izan dit imajinatzeak itzaltzen naizenean zer gertatuko den. Bizitzak, denborak… aurrera jarraituko dute infinitura arte? Infinitua bera imajinatzen saiatzeak ere itzelezko estutasuna sortzen dit… Betirako ez naiz existituko? Gaztetxoa nintzenean, pentsatzen nuen betirako bizitzea betirako hiltzea baino hobea izango zela, baina urteek aurrera egin ahala iritziz aldatzen ari naiz. 

Oraindik ere gaztea naizela esan daiteke adinari erreparatuta eta, hala ere, garai aldaketaren zantzuak geroz eta nabarmenago nabaritzen ditut. Nire belaunaldia eta bere iruditeria jada ez daude olatuaren gailurrean. Bai, munduarekin eta aroarekin batera gu ere aldatzen eta egokitzen joaten gara, baina sentitzen dut ni linealki egokitzen ari naizen bitartean denborak esponentzialki aldatzen ari direla. Testuinguru eta joera garaikide batzuk arrotz zaizkit jada eta nostalgiaz gogoratzen ditut beste garai batzuk. Ezin dut ekidin pentsatzea ingurukoak eta ni koxkortzen ikusi gaituen (gintuen?) mundua gaur egungoa baino atsegin eta inozenteagoa zela; hobea, funtsean. Eta honezkero hori pentsatzen hasi banaiz, zer pentsatuko ote dut 80 edo 90 urte izatera iristen banaiz?

Badut familian oraindik 90 urtetik gorako jendea eta, azkenaldian, beraiekin egotean, ezin diot pentsatzeari utzi zer izan behar den zure garaiari horrenbeste bizirautea, zure belaunaldi ia osoa hiltzen ikustea, hazten ikusi zaituen mundua arrotz bihurtzeraino aldatzen ikustea. Sekulako egokitzapen eta onarpen gaitasuna behar dela iruditzen zait, bizitzaren estadio horretara soseguz iristeko. 

Horrela, ba, gogoeta horien aurrean, betirako bizitzaren ideia jada ez zait horren erakargarria egiten. Gure garaiaren azken izpiekin batera itzaltzea naturala dela onartu behar. Eta desiragarria ere bai, akaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak