Faltan botatzen zaituztet

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Iñarra 2021ko uzt. 2a, 00:00

Faltan botatzen zaituztet bizikidetzat ez zaituztedanok, baimendutako lauko edo seiko taldetik kanpo gelditzen zaretenok. Faltan botatzen zaituztet erreserbatutako toki edo orduan kointzidituko ez dugunok, betiko tabernako terrazan eserita egoteko lekurik ez dagoelako elkartuko ez garenok. Aukerak eta ohiturak aldatu direlako ikusten ez zaituztedanok.

Ohiko edo gertuko zirkulutik harago baina laguntasunaren erradioaren baitan gordetzen zaituztedanon hutsunea sumatzen dut. Tabernako barraren alde batean edo bestean ezagutu garenona, pintxo-poteetan gurutzatu garenona, komuneko ilaran konfidentziak eta klinexak partekatu ditugunona, ilunpean elkarrekin dantzatu dugunona, kubata beretik edan dugunona, musikari beraren kantak arnasa betean abesten elkarri konplizitatez begiratu diogunona. Hondartzako betiko txokoan elkartzen garenon falta igarri dut, ordu berean leku beretik paseatzen topo egiten dugunona, toki bereko ebakia gustuko dugunona, noizbait batera entrenatu, izerditu eta disfrutatu dugunona, elkarrekin ikasi dugunona.

Faltan botatzen zaituztet pertsonalki ezagutzen ez zaituztedanok, baina beste herrialderen batean elkartuz gero agurtuko zintuztedanok. Aurpegi ezagun atseginen mira dut, bizi dudan film honetako protagonisten artean agian ez baina aktore zerrendan dudarik gabe ageri zaretenona. Kale eta txoko berberen gainean pausoak ematen hazi garenona.

Gehiegi irauten ari den salbuespen egoera honen aurretik nahi gabe edo nahita elkartzen ginenon falta igarri dut, egunerokotasunaren eta errutinaren korronteak berak juntatzen gintuztenona. Planifikatu beharrik gabe lehenago edo geroago betiko tokietan eta antzerako orduetan topo egingo genuela bagenekienona.

Faltan botatzen zaituztet pandemiak baimendutakoaren beste aldean utzi zaituztenok, eta benetan espero dut –askatasun berri honen baitan bada ere–, berandu baino lehen, guztiokin berriz behar den bezala elkartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak