Lorpen kolektiboak: eskubideekin lotuta egon daitezkeenak. Azken hilabeteotan gure azaletan bizi ditugunak; etxebizitzarenak, adibidez. Eta badaude lorpen indibidualak.
Lorpen indibidualak hortxe; kasu batzuetan bisibleago eta beste batzuetan nahiko lainotuta, hor nonbait, badauden arren. Eta min indibidualak, nahitaez taldean agertzen direnak. Kudeatuak edo kudeatu gabeak. Ondo eramanak edo okerrago eramanak.
Min horiek, lehenago edo geroago, talde honetan edo bestean, disimulatuz edo harrokeriaz, agertuko direnak: familian, lagunartean, lanean, edo denbora eskaintzen diegun espazioetan. Eta agertzen dira, hortxe daudelako. Haur batek bere burua manta baten azpian gorde eta ez ikusteko ahalegina eginda ere, ukaezina den zerbait delako.
Eta min batzuk badakigu noiz gertatu ziren, zeinekin, nola eta zergatik. Baina beste asko lainotuta dauzkagu eta ez gara gogoratzen gertatutakoaz.
Batzuetan, presente dugun hori da garrantzitsuena, baina beste aldi askotan ez. Askok, guztiok ez esatearren, ez dugu gogoratuko 0-3ko adin tartean bizitakoaz. Baina erreparatu, momentutxo batez, 0-3ko adin tarteari. Hor gertatzen baita dena. Ama zuri buruzko fantasiak egiten hasten den momentuan. Amaren umetokian lekutxo bat duzun unean. 0-6ko adin tartean hasten zara behatzen eta, ondorioz, ikasten zure erreferentziazko pertsonak nola harremantzen diren. Usaintzen eta ikusten hasten zara zuri zein estrategia doakizun ondo lotura mantentzeko; maitasuna jasotzeko, norbait izateko, beldurrik ez sentitzeko, bakarrik ez geratzeko. Mekanismo batzuk garatzen hasten zara. Sinesmen batzuk irensten dituzu, mundu guztiaren egia absolutuak izango balira bezala. Eta horiekin goaz bizitzan: batzuetan, ongi; eta beste batzuetan, okerrago.
Baina hor hasten da dena, amak zurekiko proiekzioa egin eta dinamika batzuk barneratzen hasten zarenean. Helburu bakar batekin: bizirik irautea.
Orain eta hemen, ingurukoak Gestaltaren bidez kutsatzea bilakatu da nire zaletasun berria. Bihar beste mundu bat deskubritzen dudan arte.