Nekatuak gaude Martxoaren 8ko manifestaziora joateko.
Nekatuak gaude Israelen kontra konbokatzen diren ekintzetara batzeko.
Total, manifestazio batera joateak ez du egoera aldatuko, ezta?
Trumpek puzker bat botatzen duenaren antzera bonbardatu dezake herri bat, baina nik ez daukat ezertarako ahalmenik.
Hobeto gelditzen zaidan energia gutxi hori kexatzeko erabiltzea.
Bai, zergatik ez?
Nekatua eta kokoteraino nagoelako euskara ikastera derrigortzeaz –gaztelera edo ingelesa ikastera behartuko ez bagintuzte bezala–. Herrira iritsi eta gaztelerazko hitzik jakin gabe erosketak egitea, etxearen alokairua bilatzea, jendearekin sozializatzea, lanpostua bilatzea… eragozpenik gabe egiteko aukera izango bagenu bezala.
Baina ez nahastu gauzak, gaztelera ikastera ez gaitu inork behartzen.
Eskoletan bai, baina euskara ikastera behartzeagatik hartzen diote haurrek nazka hizkuntzari.
Eta behartzea modua ez den bezala, ez da beharrezkoa lanpostu publikoetan euskara maila estandar batean harremantzeko ziurtagiria eskatzea. Nik ez baitaukat hizkuntza bat ikasteko ez motibazio, ez behar, ez dirurik.
Eta zer esanik ez C1 maila lortzekoa.
Horra iristeko nik ez dudan denbora behar baita.
Badaukat denbora, baina azpijokoan maila hori gehiegi dela kexatu eta eskaera hori egitekoa.
Eta abokatuek nire alde musu-truk lan egingo dutenez, zer galduko dut, ba?
Gorka Urbizuk kantatuko digun bitartean gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude, harrotasun handiz esango dugu udako Thailandiako oporretan Euskal Herrian bizi garela, euskarak tokirik ez duen herri batean.