Igandeak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Etxabe Heriz 2025eko abenduaren 5a

Igande goizak egun politak izaten dira.

Horrela bizi dugu tabernara joateko ohitura dugunok. Espazio horiek bereziak izaten dira, batik bat, hautatutako jendearekin inguratzeko erabakia hartzen dugunontzat. Batzuetan, familia edota lagunekin elkartzeko aukera eskaintzen digute. Aste osoa ematen dugu kanpora begira, eginbeharren zamaren pisuari eutsiz eta lan-karga arindu ezinik. Batzuetan elegante ez jantzi arren, domekek badute eskolako asanbladan egiten denaren antza. Denbora eskaintzen diogu bakoitzak barrutik dakarren horri hitza jartzeari; astean zehar gertatutakoei buruz aritzeko, izan ditugun dramak partekatu eta kolektibizatzeko, harrigarria iruditu zaigun horri lekua egiteko, horrenbeste amorrarazi edo tristarazi dugun hori konfiantzan esateko...

Igandetik igandera taberna berak errepikatzen ditugunok aurpegi ezagunak ikusten ditugula ez da gauza berria. Batzuk ikusteaz ilusionatu egiten gara eta beste batzuetaz segituan nazkatzen gara. Hori ere bada jaieguneko errutinaren parte. Hala ere, bat-batean, aldaketa batzuk gertatu direla saihestezina da: orain arte astebururo ikusten zenituen batzuek etortzeari utzi diotela. Astebururo agurtzen zenituen horiek ez direla lehen –kontsumizioa hartu bitartean– bezain pronto agertzen. Jende bat jada ez dagoela ohartzen zara. Are gehiago: joan egin direla, berriz bueltan ez itzultzeko. Eta zuk oraindik jarraitzen duzu pentsatzen zein izan zen hura ikusi zenuen azken eguna. Hutsune horri lekua egiten diozun bitartean, arraroa dela pentsatzen duzu. Segituan datorkizu burura bizitzaren zikloa, eta ez diozu buruari askoz ere buelta gehiago ematen. Konturatu orduko, tabernako bi aldeetara begiratu eta han dauden familiak ez zaizkizu ezagunak egiten. Arraroa berriz ere. Baina ohitze kontua izango da; eman hiru igande gehiago –esaten diozu zeure buruari–. Tabernara etortzeari utzi dioten horiei bezalaxe, eman hiru igande gehiago –errepikatzen duzu–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak