Bergarako Jardun elkarteko lehendakari gisa, eta 30 urteko euskaltzale gisa, badakit komunikabide lokalek euskararen sustapenean izan duten papera ez dela txikia. Goienak 25 urte betetzea ez da urteak zenbatzearen kontua soilik: Goiena –Debagoieneko euskara elkarteek, langileek eta udalek elkarrekin eraikitako proiektua– gure herriaren eta euskararen istorioa kontatzeko tresna izan da.
Aurretik baziren bidea erakutsi ziguten aitzindariak: Arrasate Press, Berrigara, Aretxagazeta edo Arrasate Telebista. Horixe da euskarazko komunikazioaren indarra: jarraitutasuna. Eta gaur, 25 urteren ostean, Goienak erakusten du tokian tokiko kazetaritzak bizirik dirauela eta hori gure lorpen kolektiboa dela.
Txikitan, amamarenean ere ikusten nuen Goienkaria. Eta gogoan dut amamak euskaraz irakurri zuen lehen egunkaria –eta bakarra– izan zela. Euskaraz ederto jakin arren, irakurtzeko "beldurra" zuen, eta Goienari esker galdu zuen beldur hori. Ba ote dago ezer sinbolikoagorik? Ezetz esango nuke. Komunikabide batek, informazioa transmititzeaz gain, jende askori bere hizkuntzan bizi eta irakurtzea ahalbidetzen dio: komunikabideek hizkuntza baten erabilera praktikoa eta egunerokoa sustatzen dute, eta horrek hizkuntza hori bizirik mantentzen laguntzen du. Orduan ez nekien zein garrantzitsua zen hori: gure herria gure hizkuntzan kontatua izatea. Orain, badakit. Euskara elkarte batean lanean ari zarenean, argi ikusten duzu komunikabide batek zure ahaleginak nola biderkatzen dituen: ekimenak, eguneroko borrokak… denak jasotzen ditu Goienak, eta ikusgarritasunak erein egiten du.
Goiena ez da informazioa emateko tresna hutsa. Gure herriaren ispilu bat ere bada: bere orrialdeetan, albisteez gain, gure historia, kultura eta nortasuna ere ageri dira. Eta horrexegatik da hain baliotsua: gure ahotsak entzun eta gure kezkak islatzen dituen espazioa eskaintzen duelako. Egiturak berak ere asko esaten du: elkarteak, udalak eta langileak norabide berean aritzea ez da ohikoa. Horrek egiten du proiektua berezi. Goienaren atzean dagoen elkarlan horrek lotzen du komunitatea, eta horri esker iraun du mende laurden batean.
Teknologia aldatu da, ohiturak ere bai, baina beharra ez: euskarazko hedabide sendoa behar dugu. Goienak, paperean zein digitalean, belaunaldi desberdinen arteko zubia egiten jarraitzen du: atzoko istorioak eta gaurko erronkak hizkuntza berean josten. Horregatik, zorionak, Goiena. Eta eskerrik asko: gure istorioak gure hizkuntzan eta gure begiradatik kontatzen jarraitzeagatik. Hurrengo 25 urteak ere gure ahotsak elikatzeko izan daitezela.
----------
Maddi Elortza Agirregabiria
Jardun euskara elkarteko presidentea