Ez nuen batere garbi ikusten sistema berria. Ez nuen ulertzen hain erosoak ziren kontenedore urdina eta horia zergatik kendu behar zituzten. Ia urtea pasa da eta begi onez ikusten dut sistema berria. Erosoa da eta aipatutako kontenedore hura baino txukunagoa. Konbentzitu nau.
Irakurle dezente aurpegi txarrarekin irudikatzen ditut orain. Ez haserretu. Ez nator, gaurkoan, atez atekoaren alde egitera. Inguruan sortu den bronkaren inguruan hitz-egitera baizik. Badira zazpi urte zutabe honetan Fragaren profezia deituriko artikulua idatzi nuela. Orduan idatzi nuen bezala, behin Fragari zera galdetu zioten: "Zer egin katalanak eta euskaldunak kontrolpean izateko?". "Oso erraza", erantzun zuen berak. "Katalanei dirua eman. Euskaldunekin, ezer ez, elkarren artean borrokan bukatzen dute-eta beti". Profeziak, beste behin, bete-betean asmatu du. Ez dut ulertzen zer dela eta muntatu den bronka hau zaborren kudeaketaren inguruan. Badirudi beti egon behar dugula borrokan gure artean; gauza batetik ez bada, beste batetik.
Ez du Mariano Raxoik Fragaren profezia ezagutuko. Katalanen kasuan, hor gabiltza denok herri kontsulta gora, herri kontsulta behera. Baina ahaztu egin zaigu nondik datorren hau guztia. Abila izan da, oso, Artur Mas. Egoera larrian zegoen Mas jauna orain dela urte eta piku. Zulo ekonomiko izugarria zegoen Katalunian. Murrizketak alde guztietatik. Eta, hara non, kontsultaren untxia ateratzen du txisteratik. Hor jarraituko du zulo ekonomikoak, baina arazo potoloagoa du PPk esku artean orain. Fragari kasu ez egiteagatik.
Ez dakit zelan bukatuko den hau guztia. Ezingo dute Kataluniakoa diruarekin birbideratu, CiUk baino, Esquerrak egin duelako gora. Guri dagokigunez, ederragoa da jendea Durangotik Iruñeraino joan den kate batean ikustea, beste edozein gerratan murgilduta baino, ezta?