"Higgs"

Erabiltzailearen aurpegia Manu Arregi 2012ko uzt. 13a, 02:00

Alferrik zabiltza Higgs-en partikula famatua ulertzen saiatzen bazara.

Ez duzu partikula hori inoiz ulertuko. Horrelako gauzak ulertzea gutxi batzuen esku dago. Behar-beharrezkoa da, horretarako, fisika modernoa sakonki lantzea. Eta bere ekuazio madarikatuekin borroka egitea. Baina tira, lasai egon. Grabitatea zer den ere ez duzu ulertu eta lasai asko bizi izan zara orain arte. Edo ulertzen duzula uste duzu? Ziur? Nola erakartzen du Lurrak Ilargia? Zer gertatzen da bi gorputz horien artean? Zer da, berez, indarra? Berdin aurkitzen gara Higgs-en partikularen kasuan. Zer egiten duen jakin ahal dugu. Zergatik eta nola ulertzea beste historia bat da. Higgs-ek masa ematen die partikulei. Segun eta nola elkar eragiten duen partikula bakoitzak Higgs-en eremuarekin, masa bat edo beste du. 

Fisika modernoa gizakiaren adimenaren garaipen izugarria da. Higgs-en partikula da horren adibide. Unibertsoa azaltzeko zenbait teoria sortzen joan dira fisikariak. Teoria onartuenaren ondorio bezala proposatu zuen Peter Higgs-ek bere partikula. Eta orain, 50 urte geroago, aurkitu egin da.

Eta zer pintatzen du Jainkoak honetan guztian? Ezer ez. Jainkoaren partikula deitu diote Higgs-i komunikabideetan behin eta berriz. Ridikulua. Laurogeita hamarreko hamarkadan L. Lederman fisikariak partikulen fisikari buruzko dibulgazio liburu bat idatzi zuen. Higgs-en partikulari the goddamn particle esaten zion –partikula madarikatua–. Editoreak beste buelta bat eman eta The God particle titulatu zuen liburua –Jainko partikula, euskaraz; La partícula Dios, gaztelaniaz–. Itzulpen txar bat egin zuen norbaitek eta La partícula de Dios –Jainkoaren partikula– tituluarekin argitaratu zen hemen liburua.

Maltzurkeria bat amaitzeko. Batzuek dioten bezala, Higgs-en partikula Jainkoaren partikula izango litzateke…existituko ez balitz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak