"Eta orain zer?"

Erabiltzailearen aurpegia Manu Arregi 2011ko aza. 15a, 01:00

Ez dakit nola bizi izan zenuten zuek ETAren urriaren 20ko komunikatua.

Harrituta, neuk. Ez adierazpenagatik beragatik, alderdien eta politikarien erreakzioengatik baizik. Aho batez ontzat emateak komunikabideetan azaldu dena baino gehiago zekitela esan nahi du. Patxi Lopezek izan ezik. Abilezia izugarria du honek behin eta berriro jokoz kanpo gelditzeko.

Bi atal berezi eskaini zizkion prozesuari La Sextako Salvados programak: Borrando a ETA eta Reiniciando Euskadi. Youtuben dituzue ikusgai. Goraipatua izan da Jordi Evole hori dela eta. Baina ez ziren hor errealitate guztiak azaldu, Espainiak ikusi nahi duen errealitatea baizik. Dena den, ematen dira bertan zenbait klabe interesgarri. Garbi uzten du Martxelo Otamendik ez zirela Donostiako bake konferentziara etorri zirenak etorriko PSOEren eta PPren onarpenik gabe. Eta bereziki interesgarria da Follonero-k Jesus Eguigurenekin duen solasaldia. Ikustekoa da Eguigurenen aurpegia Evolek ea zer sentitzen duen gobernu batek ETArekin izan duen azken bitartekaria izatean galdetzen dionean. "Azkena ni?", erantzuten dio Eguigurenek.

Prozesuak atzera bueltarik ez izateko, zerbait egin beharko du estatuak. Ez du Mariano Rajoik erronka erraza izango, munstro izugarria sortu dutelako bere inguruan denbora honetan. Baina uste dut berak ere badakiela zenbait pauso eman behar direla, lehenbailehen. Eta epe motzera amnistia edo parekoren bat eskatzea errealista ez izan arren, ezin egoera normalizatu bat imajinatu, hamar urte barru, adibidez, preso guztiak kalean ez badira.

Espainiak ulertu beharko du normalizazioa ez dela gauzak orain bezala gelditzea, batzuek nahi duten bezala. Normalizazioa nork bere ideiak aurrera eramateko aukera izatea da. Guztiek besteen posturak errespetatuz. Bide luzea dugu horraino. Baina bidean gaudela sinetsi nahi dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak