"Yes we can?"

Erabiltzailearen aurpegia Manu Arregi 2011ko eka. 29a, 02:00

Bi urte eta erdi dira Barack Obama Estatu Batuetako lehendakaritzara heldu zela.

Promes ugari, baina bidean geratu dira Guantanamoren itxiera, Irakeko tropen etxeratzea, estatubatuarren seguritate soziala eta beste zenbait gauza. Zertaz ari zen orduan Obama "Yes we can" zioenean? Ba gai zirela beste herrialde batean sartzeko eta nazioarteko arau guztien gainetik salto eginez Osama Bin Laden akabatzeko. Hau da, betikoa.

Gure "Yes we can" partikularrean murgilduta gaude azkenaldi honetan. Gai izango gara normalizazio politikoa lortzeko? Ez naiz ni oso optimista, egia esanda. Alde batetik, ezin delako ahaztu ETAren tutelapean jarraitzen dugula, ez baitu oraindik azkeneko hitza esan. Eta, bestalde, paper politiko handiegia hartu dutelako biktimek. Lagundu egin behar zaie biktimei eta dolumina adierazi, baina alde batera geratu behar dute gatazkak konpontzeko orduan. Ez da gatazka bat gainditzen beste aldekoak umiliatzea bada helburu, belauniko jarrita barkamena eskaraziz. Desberdintasun guztiak alde batera utziz, halako zerbait egin zen Alemaniarekin Lehen Mundu Gerran eta handik gutxira etorri zen Bigarrena.

Bada, hala ere, esperantzarako tokia. Paradoxikoa badirudi ere, ona da datorren urtean PP Espainiako agintera heltzea. Berregituratze industrial bat ezkerrarekin egitea "errazagoa" den bezala, gure gatazka bideratzeko eskuma aginduan egotea komeni. Nahiko du Rajoyk domina hori bere paparrean jarri, baina ez zuen inoiz utziko bera oposizioan egonda.

Ondo etorriko dira hurrengo hauteskundeetarako falta diren hilabete hauek oraingoa balekoa dela erakusteko. Eta hobe eskoltak udaletxeetan sartzearen estiloko polemikak baztertzen badira. Arrazoia izan edo ez, ez diote prozesuari onik egiten. Ez da Obama aitortutakoa betetzeko gai izan. Lortuko al dugu guk gure "Yes we can" partikularra aurrera ateratzea?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak