Gaztelekuko Patxi

Erabiltzailearen aurpegia Manu Arregi 2010ko aza. 13a, 16:07

Bigarren aldia da gauza bera gertatzen zaidana: asko estimatzen nuen pertsona bat galdu eta hurrengo egunean GOIENAko abisua jaso...

... zutabe honetan idaztea tokatzen zitzaidala esanez.

Ez naiz gauza arrarotan pentsatzen hasiko, baina eskertzekoa da halabeharrak, bigarrenez, nire omenalditxoa egiteko aukera eman izana.

Patxi Hipolito joan zaigu, Oñatiko Gaztelekua zabaldu zenetik bere burua izan dena. Gaztelekua zabalduaz bat etorri zen Oñatira bizitzera eta Donostiako oñatiarra bihurtu da urte hauetan. Oso erraza da Patxi definitzea. Kultura gizona zen, ekintzailea eta bizizalea.

Ez zuen Patxik Oñati bezalako herri itxi batean lurreratze erraza izango. Baina, bere lan isilaren bidez, laster irabazi zuen kolore guztietako jendearen estimazioa. Ekimen mordoa bultzatu ditu, ezagutu duzuenok ondo dakizuen bezala. Loratuko dute, datozen hilabeteetan, berak bultzatutako zenbait proiektu.

Hainbeste ekimenen bultzatzaile izanda, hanka sartzeko beldurrez, gertutik bizi izandako bi adibide besterik ez; gutxik dakite, baina, bailaran gaur egun astronomia taldea badugu, berak orain dela sei bat urte niri botatako proposamenari esker dela. Eta astronomia talde horrek behaketa publikoetan erabiltzen duen teleskopioa badu, Oñatiko Udalari gure izenean eginiko dirulaguntza eskaerari esker da.

Uztailean egon nintzen azkenekoz Patxirekin, Txaketuenian kafe bat hartzen. Ekimenez beterik zebilen, beti bezala. Iruña de Veleiara egingo zen bisitaldi batera gonbidatu ninduen eta horren ostean egingo zen bazkari eta bazkalosteko eztabaidara. Ezin izan nintzen joan, baina estilo horretako beste bat antolatzekotan geratu ginen, klima aldaketaren inguruan, eztabaidara Antxon Uriarte eta Iñaki Antiguedad gonbidatuz. Ez dakit horrelakorik inoiz egingo den, baina, zoritxarrez, bera ez da izango.

Mila esker egin duzun lanagatik, Patxi. Ohorea izan da zu ezagutzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak