Egun hartan atera genuen lehenengoz odola Elgetan lagun talde batek. Ordura arte Bergarara joaten ginen odola ematera, baina Donostiako odol-emaileen elkartearekin hitz egin ondoren, egokiena Elgetara horretarako dotazio bat ekartzea zela erabaki zuten.
Orduz geroztik urtean bitan elkartzen gara, udaberrian eta neguan, aldiko Elgetako 40 bat odol-emaile.
Garai batean odolik eman ezin zuten norbanako batzuek diruz laguntzen zuten gure jarduera. Gaur egun, ordea, Gipuzkoako odol-emaileen elkartetik eta Elgetako Udaletik jasotzen ditugu diru laguntzak, eta odol-emaileentzat indarrak berreskuratzeko jatekoa eta edatekoa erostera bideratzen ditugu ekarpen horiek.
Odola ematea borondatezko ekintza da. Oraindik inork ez du asmatu odola fabrikatzen duen makinarik. Horregatik, guztiok zarete behar-beharrezko besteen bizitzak salbatzeko. Agian, egunen batean, guk ere beharko dugulako beste norbaiten odola bizitzaz disfrutatzen jarraitzeko.
Odola emateko hurrengo hitzordua abenduaren 2rako egin dugu. Arratsaldeko seietatik zortziak bitartean izango duzue aukera.
Lerro hauek baliatu nahi ditut zalantzan zaudeten guztiok animatzeko. Elgetako udaletxean ikusiko dugu elkar.