Aparkalekua bai, baina patixuan ez

Bergaran inork ez du zalantzan jartzen aparkaleku arazo bat dagoela. Honen aurrean, zentzuzkoa litzateke gaur egungo aparkaleku beharrak zeintzuk diren aztertzea eta diagnostiko tekniko bat edukitzea erdigunean lurazpiko aparkaleku bat egiteko proiektua bideratu aurretik. Hemen ez da horrelakorik egin. Erdigunean aparkaleku bat egiteko erabakia hartu da mugikortasun azterketa bat egin aurretik. Ez da beste kokapenik aztertu aparkaleku bat egiteko eta ez da proiektu honen bideragarritasuna alderatu posible litezkeen beste proiektu batzuekin, erdigunetik gertu eta plaza gehiagorekin.

Orain dela hamar urte egin zen Hiri Ordenazioko Plan Orokorrean jaso zen Seminarioko patioan aparkalekua egiteko aukera, eta ideia hori berreskuratu da hausnarketa eguneratu bat egin gabe. Gaur egun erdigunera doan trafiko bolumena handitzeak eta honek ibilgailu pilaketan, zarata mailan eta kutsaduran izango dituen inpaktuen gainean ez da azterketarik egin. Hainbat belaunaldik jolaserako eta aisialdirako erabili dugun Seminarioko patioa ez da bateragarria aparkaleku batekin.

Gure auzoetako bizilagunek beste konponbide batzuk eskatzen dituzte euren mugikortasunerako, besteak beste, ondo komunikatuta egotea garraio publiko hobeago bati esker eta auzoak zerbitzugune izaten jarraitzeko bizirik mantentzea. Haur eta nagusientzat atsegin eta seguru den erdigune batek bertan lasai paseatzeko eta herriko denda txikietara gerturatzeko gonbidapena luzatzen du eta eremu hori erakargarriagoa bihurtzen da bai merkataritzarako eta bai aisialdirako.

Bere momentuan egoki zirudien ideia batek ezin du baldintzatu etorkizuneko herri eredua. Gaur egungo aparkaleku arazoari ezin zaio aspaldiko konponbide bat eman eta azterketa tekniko eta ekonomiko eguneratu bat egitea gutxieneko baldintza da. Errotazio bidezko 86 aparkalekuk ez dute Bergarako aparkaleku arazoa konponduko eta herri moduan atzera joango gara proiektu zahar honetan tematzeagatik. Aparkalekua egiteko beste aukera batzuk egon badaude, azter ditzagun.

----------

Larraitz Uribesalgo, Asier Larrañaga eta Nekane Miranda

'Patixuan aparkalekurik ez!' taldearen izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak