Seminarioko patixuan aparkalekurik ez!

Aranzadi Ikastolako guraso eta Bergarako herritar moduan Udalari eskatzen diogu Seminarioko aparkalekuaren proiektua bertan behera utzi dezala, eta, horretarako, aribidean dagoen obraren esleipena etetea.

1. Ikastolako patixuan halako tamainako obra bat egitea ezinezkoa da gure seme-alaben segurtasuna, ongizatea eta hezkuntza baldintza duinak errespetatuz.

2. Lur azpiko aparkalekuaren zulaketa lanek, Ikastolako eraikinetik metro gutxira, gure seme-alaben osasuna eta segurtasuna larriki baldintzatuko dituzte –garabiak, kamioiak, eraikinaren egonkortasuna, eta abar–.

3. Eskola eremuan halako obra bat ez da bateragarria irakaskuntza baldintza egokiekin –zaratak, bibrazioak, hautsak, eta abar–. Seme-alabak eguneko ordu asko legeak aurreikusten dituen zarata mugen gainetik egongo lirateke.

4. Proiektu honek Aranzadi Ikastolaren egunerokoan duen eragina kontuan izanda, uste dugu Ikastolaren kezkak ez direla kontuan hartu, ez proiektua aurrera eramatea erabakitzeko orduan, ezta etorkizunerako eremu hau definitzeko orduan ere.

5. Seminarioko aparkalekuak guztiz baldintzatuko du Bergarako mugikortasun eredua etorkizunean, erdigunera auto gehiago erakarriko dituelako, eremu horretan dauden trafiko arazoak eta horri lotutako kutsadura eta zaratak areagotuz. Seminarioko patioak, Ikastolako hezkuntza eta jolas patio erabileraz gain, herriko haur eta gazte guztien aisialdirako leku aproposa beharko luke eta hau ez da bateragarria ingurunean trafikoari lotutako arriskuak, zarata eta kutsadura handituz.

6. Bergarako herritar moduan uste dugu oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna eman beharko litzaiekeela mugikortasun planifikazioan, erdigunera ibilgailuen sarrera murriztuz. Aparkalekua egiteko toki aproposagoak badaude erdigunetik minutu gutxira oinez, aparkaleku arazoa konpontzen gehiago lagunduko dutenak –herriko sarrerairteeretatik gertu, epe luzeagorako aparkalekuak, 86 plaza baino gehiagokoak–.

----------

Larraitz Uribesalgo, Anne Lopez Zubia, Nerea Barrenetxea Lazkano, Miren Urdanpilleta Urkidi, Maddi Osinaga Zubia, Idoia Lete Ezenarro

'Patixuan aparkalekurik ez' taldearen izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak