Bidea gara eta bidean gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Lur Gurrutxaga 2020ko abe. 4a, 19:44

Lerro hauen bidez gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu azaroaren 21eko giza katean parte hartu zenuten aretxabaletar guztioi eta, bereziki, antolakuntza lanetan ibili zinetenei.

Eskerrak ematea ere, arrazoi ezberdinengatik parte hartu ezin izan zenutenei baina hilabete hauetan gure azalpenak eta iritziak zuekin partekatzeko aukera emateagatik. Eskerrik asko denoi!

Ederra izan zen hainbeste jende konponbidearen alde elkartuta ikustea!

Giza katean aipatu genuen bezala, pozik gaude gure bizilaguna den Garikoitz Garciaren hurbilketarekin. Hurbilketa honekin, Gariren etxerako bidean pauso oso garrantzitsu bat eman dela uste dugu, batez ere, Gariren senide eta lagunentzako ezarrita zegoen zigor gehigarria amaitu delako, eta jada ez daudelako astebururo ehunka kilometro egitera behartuak, horrek dakartzan desgastearekin, kostu ekonomikoarekin eta istripu arrisku guztiekin.

Baina, tamalez, Gariri oraindik etxerako bidean pauso gehiago geratzen zaizkio. Lege ordinarioari jarraiki, gradu progresioen bidean aurrera egitea eskatzen dugu, legeak ezartzen dituen neurri eta baimen berrietan aurrera eginez.

Euskal preso guztiei ezartzen zaien salbuespen espetxe politika oraindik indarrean daukatelako bai Garik eta baita gainontzeko euskal presoek ere; hamaika zailtasun eta oztopo jartzen zaizkie legeak dioen bidea egiteko, baimen bereziak, lan egiteko baimenak, bigarren edo hirugarren gradua lortu ahal izateko eta, zer esanik ez, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.

Beraz, urrunketa amaitu da Gariren kasuan, baina ez bere eskubideen urraketa, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu. Etxeratzeko bidea ahalik eta azkarren egiteko eta konponbidearen aldeko aurrerapausoak emateko, ezinbestekoa da gizarte zibilaren inplikazioa eta aktibazioa, eta, bide horretan, gure aldetik aurrerapausoak emateko konpromisoa irmoa da.

Horregatik, abenduaren 31n Kurtzebarritik Plazara ekimenean parte hartzera gonbidatzen dugu Aretxabaletako herritar oro.

11:00etan, Kurtzebarriko tontorrean argazki jendetsua aterako dugu, eta, eguna borobiltzeko, 19:00etan, Herriko Plazan berriro elkartuko gara; betiere, osasunaren inguruko arauak zorrotz beteta.

Bidean gaude eta lortuko dugu! Gari Aretxabaletara! Konponbidea orain!

----------

Lur Gurrutxaga Balanzategi eta Josu Mendieta Berasaluze

Aretxabaletako Sareren izenean

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak