Euskal Herria astintzen duen herri-ekimenari gutxi falta zaio gurera iristeko. Milaka herritarrek, mila eratan, ematen diote bultzada EH zeharkatzen dabilen furgonetari, eta horri balioa eman behar zaio... Baina arineketan salbako dugu euskara? Ez, ezta ere euskaraz zaunkaka ari diren zakurrekin. Historian atzera egitean argi ikus dezakegu euskara bizi izan bada borrokari lotua bizi izan dela; euskara bada, aurreko ziklo politikoko borrokagatik dela. Frankismoaren azken urteetan euskararen aldeko borroka estuki lotua zegoen antifrankismora, estuki lotua euskal langileriaren proiektu iraultzailera; euskara eraldatzailea zen, eta ez da ausazkoa biziberritze-aroa orduan hasi izana.
Garai hartan bezala, euskara proiektu politiko emantzipatzaile batekin lotzeko erronka dugu komunistok. Hizkuntza eskubideen defentsa irmoa, langile klase guztiarentzat doako sarrera unibertsala ziurtatzea eta haren batasunean aurrerapausoak ematea ezinbestekoak dira euskararen biziraupenerako.
Prozesu iraultzaile batekin soilik salba dezakegu euskara!