"Gotzon Iparragirreri"

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Ugarte 2012ko aza. 30a, 01:00

Iragan ostiralean GOIENA paperean niri zuzendutako gutuna idatzi zenuen...

... Deskargako ordainsaria dela eta. Irakurleen memoria freskatze aldera, gutunean Deskargan ordainsaria jartzea "gure", hau da, oraingo Aldundiaren erabaki politikoa dela esaten duzu eta berriro debagoiendarrak zigortuko ditugula diozu, N-1aren inguruko herritarrek dohain ibiltzen jarraituko duten bitartean. Bada, hau irakurrita argibide batzuk eman beharrean gaude. 

Bidegik 2011ko martxoan, hau da, Bildu Diputazioan sartu baino hiru hilabete eskas lehenago, Espainiako hainbat bankurekin 400 milioiko kreditu bat sinatu zuen, AP-1eko autopistan ordaindu beharreko gainkostuak eta Donostialdeko 2. Ingurabideko obrak ordaintzeko 2005ean eskatuta zeuzkan 500 milioiekin nahiko ez zeukalako, orotara Bidegiren zorra 900 milioi eurokoa bihurtuz. Kontratu finantzario horretan bankuekin Bidegik Deskargan 2015eko apirilean ordainsaria edo peajea jarriko zuela sinatu zuen. Bidesari horrek 2015ean 7,5 milioi euro eman behar dizkio Bidegiri, kontratuaren arabera, eta 2020an, esaterako 12,8 milioi. Horretarako, hau da, diru-sarrera horiek lortzeko, kamioiei egungo Deskargako portuan ibiltzeko debekua ezartzeko konpromisoa hartzen du Diputazioak bere gain eta Deskargako portua jaitsi edo igotzearen prezioa ibilgailu arinentzat 0,90 eurotan eta kamioientzat 8,52 eurotan estimatzen du. Kontratu horretan bi sinadura agertzen dira: Enero Goya Olaso eta Markel Olano Arrese. Deskargan bidesaria ez dute zuk diozun bezala bankuek jarri, bidesaria jartzea erabaki politikoa izan da, bai, baina ez neurea edo Bildurena, EAJrena baizik. 2015etik aurrera Deskargak teorian izango zituen irabazi horiek ez badira bidesari bitartez ordaintzen, Foru Aldundiak ordaindu beharko ditu, politika sozialetik, kulturatik edota euskaratik kenduaz. Ataka zaila, ezta? Hau da urteetako kudeaketaren ondorioetako bat. Norberak epai dezala.

Behin hori esanda, Aldundi honen konpromisoa da errepide sare nagusia ordainpekoa izatea zuk diozun bezala ordainpeko eta doako errepide ardatzik izan ez dadin eta eskualde ezberdinetako herritarron artean orain arte egon den diskriminaziorik egon ez dadin. Bide horretan doa oraintxe, abenduaren 1ean indarrean jarriko dugun neurria, zeinaren arabera gipuzkoarrok ez dugun hilero autopisten erabileragatik 25,64 euro baino gehiago ordainduko.

Informazio gehigarria nahi bazenu, deitu lasai Diputaziora, ateak irekita dituzu.

Besarkada bat zuri ere.

--------------------

Larraitz Ugarte Zubizarreta

(Gipuzkoako Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatua)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak