Habiba jarri diote izena. Emakume gaztea, 15 hilabeteko haurraren ama, bere senarrarengandik tratu txarrak pairatua, diruz larri, etxetik urrun, bakarrik...
Madrilgo ama eta haurren harrera etxe batera joan eta bertakoek ondo ez ikusi nonbait amak alabarekin duen harremana. Bularra modu kaotikoan ematen omen dio, haurrak negar egiten duenean, min hartu duenean… Harrera etxekoei hori gustatu ez eta esnea mozteko pilulak eman zizkioten. Neskak, baina, kriterio handiarekin hartu ez eta bularrarekin jarraitu.
Harrera etxekoek ama ona ez dela erabaki, ama mentalki perturbatuta dagoela ondorioztatu eta inolako informaziorik eman gabe alaba kendu diote, bahitu diote.
Noski, prozesuan ez da inolako bermerik egon. Espainiar komunikabideren batean albistea xume atera da eta kitto. Ez da lehen aldia Madrilgo Adin Txikikoen Kontseilaritzak mota honetako bahiketa instituzionalak egiten dituena, epaitegiek gero horietako batzuk atzera bota badituzte ere.
Habiba buruz ondo dagoela dioten psikiatra eta psikologoak daude. Kasu hau sarean indarra hartzen ari da eta espero dezagun umea lehenbailehen bere amari itzultzea, baina habibak milaka direla gogora ekarri nahi nuke hemen. Ama ona zer den batzuek erabakitzen dute eta hortik kanpo dagoen emakume oro automatikoki txar bihurtzen dute, emakumeei umeak instituzionalki lapurtzera iritsiz. Komunikabideetan umeen lapurreta kasuak ugaltzen eta ume lapurtuak antolatzen ari diren honetan ezin ahaztu dezakegu egun ere, instituzionalki umeak lapurtzen ari direla hainbat: espetxeetan dauden emakumeei, bakarrik dauden etorkinei… Haurrek euren amak behar dituzte eta inori ez zaio utzi behar, emakumeongatik nolako amak izan nahi dugun erabakitzen, bularra edo biberoia eman, erabakia gurea baita.