Larraitz Ugarte: "Sorturen legalizazioaz"

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Ugarte 2011ko ots. 23a, 01:00

Hasi da martxan Sortu legeztatzeko makineria...

... Hasi da ere, ia Sorturen sustatzaileak ezertan hasi baino lehen, Sortu legez kanpo uzteko makineria. Biak aldi berean norabide aurkakoan martxan. Sortu izango da Alderdien Legean ezarritakoak eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiek galdatzen duten guztia betetzen duen lehen alderdia; egundaino bakarra. Alderdien Legea guztiz legez kontrakoa, intentzionalitate politikokoa, antidemokratikoa, zuzendua eta propagandistikoa dela kontsideratu arren, bere enbutuaren zulo estuan sartzea erabaki du ezker abertzaleak. Ataka honetatik atera eta Euskal Herriko sektore zabal bati ahotsa eta bozka emateko itxaropenez aurkeztu dira estatutuak.

Ez daude bakarrik. Urteotan apartheid politikoaren kontura etekina ateratzea erabaki zuten askok ere alderdi berriaren legalizazioaren aldeko jarrera aktiboa hartu dute. Euskal Herrian gauzak beti izan dira Espainian izan ez diren bezala. Kultura demokratikoa ez dago hain galdua, injustiziaren aurrean kritiko izaten dakien masa handia baitago. Masa horri dagokio maiatzeko hauteskundeetan aukera guztiak bozkagarri izateko ahalegina egitea. Kontrako norabidean egiten ari direnaren tamainakoa gutxienez.

Nonahi ageri dira eta ageriko etorkizunean txosten polizialak, abertzaletasunaren frogak... Sortu Batasunaren jarraipena dela eta ETAren estratagema, beraz, esanik, errefusak egon arren. Bagenekien kondenarekin ez zela nahikoa. Ez digute argitu zer den nahikoa. Ezer ez da nahikoa; euskaldunok sumatzen genuenez, batzuentzat gatazka politikoarekin amaitzea ez da komenigarria, helburua, kontrara, independentistokin amaitzea da, gu eszenatoki politikotik eta kaleetatik ateratzea, España uniformearen mesedetan.

Alde batek eman dituen pausoen aurrean "gehiago, gehiago" baino esaten ez dakiten horiek, inoiz, motu propio "nahiko, orain bai" esango ez duten horiek mugitzera behartuko dituen indarrak metatzearen beharra dugu, beraz, guztion artean, maiatzean denok karta berdinekin jokatzea lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak