Ez zen iritsi Herri Ekimen Legegileak bultzatutako herritarrek parte hartzeko mekanismoaren bidez, baizik eta Espainiako Estatuko Gobernuak berak onartu zuen.
Izan ere, erregularizazioa ez da opari instituzional bat; hain zuzen, migratutako pertsonen eta gizarte-mugimenduen bost urteko antolaketa eta borroka izan dira. Mobilizazio hark 700.000 sinadura baino gehiago lortu zituen, eta, Espainiako Estatuaren historia demokratikoan, babes sozial handiena izan duen legegintzako herri-ekimena bihurtu zen. Baina hori ere ez zen nahikoa izan; izan ere, migrazioaz eta kolektibo arrazializatuez edo babesgabeez ari garenean, demokraziak mugak ditu; galdetu, bestela, Pentsiodunen Mugimenduari, esate baterako.
Horren harira, ekainaren 30era arte dago zabalik eskatutako dokumentazioa biltzeko epea. Besteak beste, askotariko oharrak, kontsul-zigiluak eta ziurtagiriak – batzuetan, ezin dira lortu, jatorrizko herrialdearen arabera–; itxaronaldiak eta gehiegizko gastuak.
Bergaran, adibidez, erregularizazioari laguntzeko sare bat sortu dugu, informazioa partekatzeko, laguntzeko eta gehiegikeriak saihesteko. Edozelan ere, nahiago nuke lehenago antolatu izan bagina, garaiz iristeko eta azkar erantzuteko.
Paperak izatea urrats garrantzitsua da, baina horrek ez du egiturazko arrazakeria, lan-esplotazioa edo indarkeria instituzionala amaitzen. Egoitza-baimen batek ez ditu hierarkiak desmuntatzen; nork garbitzen duen, nork zaintzen duen eta nor bizi daitekeen beldurrik gabe agintzen jarraitzen duten hierarkiak, alegia.
Horregatik guztiagatik, antolatuta jarraitu behar dugu.