Modeloa ere aldatu behar da

Erabiltzailearen aurpegia Luciana Alfaro 2025ko urr. 10a, 00:00

Irakurri dut Debagoienean parte-hartze prozesu bat hasiko da, energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarriak sustatzeko gomendioak jasotzeko.

Lurralde honetan bizi naiz, pertsona migratu asko bezala, eta ezin diot prozesu horri "putzuaren beste aldetik" begiratzeari utzi; izan ere, hemen trantsizio energetikorako estrategiak diseinatzen diren bitartean, Hegoaldeko herrialde askotan estraktibismoa areagotu egiten da estrategia horiei eusteko.

Politikariak, aktibistak eta espezialistak klima krisiari eta ekosozialari buruz eztabaidatzen ibili dira, eta energia fosiletatik energia berriztagarrietara igarotzeko premiari buruz. Eta galdera bat sortzen da: nola egingo dugu, Euskal Herrian ekoizten dena baino askoz energia gehiago kontsumitzen bada? Mendekotasun energetikoa benetakoa da! Zein da soluzioa, teknologia gehiago instalatzea ala iturri bat beste batekin ordezkatzea? Logika aldatu egin behar da, eta eredua.

Berriztagarrien ekoizpenak kostu bat du. Mineralak behar ditu, Hegoaldeko herrialdeetan ateratzen direnak, ingurumenarekiko utzikeriak, indarkeriak eta arrazakeriak markatutako testuinguruetan; alegia, ez da kasualitatea estraktibismoak gehien kaltetutako eremuak herri indigenen, afroondorengoen eta nekazari komunitate arrazializatuen lurraldeak izatea.

Leanne Simpsonek dio "erauzketa lapurreta" dela: baimenik eta ardurarik gabe hartzea. Trantsizio energetikoak logika berak jarraitzen baditu, kolonizazioa ezkero herri indigenek jasaten duten arpilatzea baino ez du luzatuko.

Horren harira, talde ekologistek desazkundeaz hitz egiten dute, baina bizitza bidezkoago eta iraunkorrago baten aldeko apustu kolektibo gisa. Denok ez dugulako berdin kontsumitzen: %10 aberatsenek hogei aldiz energia gehiago kontsumitzen dute %10 pobreenek baino. Beraz, trantsizio horrek ere badu pribilegioetatik, arrazakeriatik eta desberdintasunetik.

Ea parte-hartze prozesua ideiak biltzera mugatzen ez den, baizik eta sakoneko eztabaida bat irekitzen den eredu ekonomikoari, kontsumoari eta justizia globalari buruz. Eta lurraldeak sostengatzen dituztenen ahotsak ere entzun daitezela bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak