Haurrak urte guztian hauen zain. Urduritasuna eta desira, biak jantzita joaten gara guztiak, izerdiak eta nekeak soinean eramango ditugula jakinda. Zapia janzten dugu buruan, batzuen aurpegia bistan utzita eta beste batzuena estalita; zulo txiki bateko zirrikituetatik begiratzen dugu haurren aurpegia txorimalo maskaraz estalirik gaudenean, beldurra maitasun bilakatuz. Beldurrari beldur? Maitasunari beldur? Badirudi azkenaldian haurrengan beldurra sor dezaketen ipuin, kontakizun edota pertsonaiak baztertzeko edo goxatzeko joera hartu dugula. Erraldoiek ere beldurra sortu izan dute; izua ematen duenik bada, baina haurrak erraldoien lagun egin ditugu: "Txikienek oso maiteak dituzte erraldoiak edota txorimaloak", "hauekin jolastu eta ikasten dute", "umeak ere animatu dira erraldoiak dantzatzera". Haur eta gaztetxoen konpartsak ere sortu dira eta beraientzako erraldoi txikiagoak sortu. Ez ote gara ari beldurraren, zirrararen eta ilusioaren jokoa galtzen?