"Elkartasuna da gure indarra, M-29an denok kalera!"

Erabiltzailearen aurpegia

Badira jadanik urte pare bat krisia hitza denon ahotan dabilela.

"... krisia nabaria da, EREan daude, delako enpresa itxi dute, egoera okerrera doa, oraindik txarrena etortzear dago...". 

Bankuek eta inbertsio agentziek bultzatu omen dute mundua egungo egoerara, eta guk, herritarrok, langileok, ordaindu behar ditugu ondorioak.

Krisiaren erantzule nagusiei ardurak eskatu eta beren jarduera espekulatzailea epaitu beharrean, "egoera kritikoa" lehengo hartara itzularazteko, lehen neurri gisa diru publikoa injektatu zitzaien bankuei. Gure dirua, alegia.

Europako Banku Zentrala (EBZ) banku publiko bat da, Europako hiritarren zergekin hornitzen delako, baina ez du banku publiko baten papera betetzen. 

Banku pribatuei izugarrizko dirutzak ematen dizkie. 

Bankuek, aldiz, betiere beren bezeroengan pentsatzen, noski, beste herrialde batzuetako kanpo zorra erosi dute, interesak handituz espekulatu eta etekinak ateratzeko asmoz. 

Lotsagarria eta inmorala.

Egoera nahasi honetan Mariano Raxoi iritsi da Moncloara ate handitik. 

Erreforma Laboral berria izango da hartuko duen lehen neurrietako bat. 

Krisi egoera erabiliko du erreformaren arrazoi gisa, baina krisia ez da arrazoia, patronalaren boterea era neurrigabean handitzeko aitzakia baizik. 

Lan erreforma berri honekin, langileek urteetan borrokatuz lortu dituzten eskubideak jasotzen dituzten konbenioak ezerezean geratuko dira. 

Enpresariak ez du zertan konbenioa bete, eta lan baldintzak nahi eran aldatu ahal izango ditu. 

Erregulazio espedienteak, EREak, ez dira lan agintaritzatik pasa beharko. 

Hau da, enpresariak bere irabazi/galera aurreikuspenen arabera ezarri ahal izango ditu, langileen kaleratzea guztiz erraztuz. 

Administrazio publikoan ere murrizketak ezarri dira; eta hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak dira kaltetuenak. 

Gizarteari zuzendutako oinarrizko zerbitzuak izanik, langileen lan baldintzak okertuz gero, zerbitzuen kalitatea ere okertuko da.

Erreforma berri honek langileen eta langabeen arteko ezberdintasuna areagotuko du, bazterketa eta biztanleriaren txirotzea ekarriz. 

Lan baldintzen prekarizazio honek gazte, emakume, langabe eta etorkinengan izango du eraginik handiena. 

Kontratu mota ezberdinak sortuko dira, non langileek ez duten soldata duin bat izango, debalde kaleratuak izan ahalko dira, aldikako kontratuak nahi beste aldiz kateatu ahal izango dira, ETTek eskumen gehiago izango dute enplegu zerbitzu publikoak pribatizatuz... 

Izugarria izango da lan baldintzetan emango den atzerapena.

Datorren martxoaren 29an greba orokorra egitera deitzen dute sindikatu ezberdinek. 

Badaude sobera arrazoi kalera irten eta erreforma honi ezetz esateko. 

Sindikatu, kolektibo, alderdi politiko eta gizarte eragile ugarik babestu dute deialdia. 

Utz ditzagun siglak alde batera eta batu gaitezen gure haserrea eta ezadostasuna adierazteko. 

Krisia globala bada, erantzunak ere globala behar duelako izan. 

Herritarron elkartasuna izan behar delako gure indarra, aurpegira barre egiten digun boterearen aurrean. 

Lantegietatik, ikastetxeetatik, komertzioetatik, auzoetatik herrira, eta herritik herrialde ezberdinetara zabaldu beharreko elkartasuna.

---------------------------------

Lander Olazabalaga Leiza

Arrasate

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.