Igamoko neskek asteburuan hasiko dute denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Lokatza Ziklismo Kirol Elkartea 2026ko otsailaren 2a

Izaro Ezpeleta aramaioarra eta Ainhoa Plaza arrasatearra. (Argazkia: Lokatza)

Azaroaren hasieran hasi zituzten Lokatza Ziklismo Eskolako txirrindulariek entrenamenduak, eta hiru hilabeteren ondoren, hurrengo asteburuan, otsailaren 7an eta 8an, kadete mailako Igamo Packaging taldeko Izaro Ezpeleta aramaioarrak eta Ainhoa Plaza arrasatearrak, denboraldia hasiko dute.

Kasu honetan, Extremadurako itzulian izango dute denboraldi berri honetako lehen erronka Igamoko ziklistek. Izarorentzat, bigarren denboraldia izango da kadete mailan eta besteak beste, iaz, Arabako azpi-txapelketa lortu zuen. Ainhoak aldiz, lehen urtea izango du kategorian.
 
Biak ala biak, denboraldiko helburuak udaberrian eta udan izango dituzte, Euskaldun Txapelketa eta Espainiako Kopa hasten direnean. Bitartean, lasterketa honek, urteari neurria hartzen joateko balioko die Lokatzako txirrindulari gazteei.
 
Lehen etapa, larunbatekoa, Navaconcejo herrian izango dute, Caceres-eko probintzian. Etapa oso luzea ez bada ere, 40 kilometro, menditsua izango da; izan ere, 10 kilometrotako mendate puntuagarria izango dute. Bigarren etapa, aldiz, Ribera del Fresnon hasi eta bukatuko da. 60 kilometro luze izango ditu etapak guztira, Badajoz probintziako lautadan. Horrela, bi etapa, eta bi ibilbide guztiz ezberdinak izango dituzte. 
 
Igamo Packaging taldea, Extremadurako Itzulira joango den euskal talde bakarra izango da, estatu osotik joango diren talde onenekin batera. Lokatza Ziklismo Eskolak, emakumeen txirrindularitzan egiten duen apustuarekin jarraituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak