Lehen pedal kolpeekin hasita

Talde osoa Peña Iratiko lagunekin.

Lokatza Ziklismo Eskolako taldeak hasi dira 2025 denboraldiko entrenamenduekin eta prestaketekin. Beste urte batez, Bolintxo Okindegiko–Lana E. Koop– kadeteak eta Igamo Packagingeko emakumeak izango dira lehiaketa taldeak Lokatzan. Jubenilak, aldiz, Elgoibarko L.T. Txirrindulari eskolarekin duen harreman ona medio, bertan lehiatuko dira, kopuruz handiagoa izango den talde bat osatu asmoz.

Otsailaren bukaeran hasiko duten denboraldiaren oinarriak entrenatzen hasi dira dagoeneko Lokatzako txirrindulari guztiak. Horren adibide, pasa den zubian, Aiegin egin duten kontzentrazioa izan da. Lokatzak egonaldi hau urtero egiten duen irteera da, data hauek aprobetxatuz. Egunero hiru entrenamendu saio izan dituzte. Goizean, esnatu berritan, lehen saioa izaten da, korrika lasaia hainbat ariketekin nahastuta. Ondoren, bizikleta irteera kategoria bakoitzari doitutako distantziarekin eta arratsaldean, eguna bukatzeko, gimnasioko lana izaten dute. Era berean, geratzen diren tarteetan, hainbat hitzaldi izan dituzte kirol psikologiari buruz, marketin eta komunikazioari buruz…  baita, talde jolasak beraien arteko harremanak sendotzeko eta txirrindulari berriak, hobeto ezagutzeko eta integratzeko. Guzti hau posible izateko, Peña Iratik osatzen duen lagun taldearen babesa jasotzen dute Lokatzako txirrindulariek.
 
Egutegia nolakoa izango den errepasatzeko ere baliatu dira egun hauek. Txirrindulariek, zein lasterketa izango duten jakitzeko eta beraien eskola egutegiekin doitutako lasterketak antolatu ahal izateko.
 
Era berean, lagun talde honetan, Lokatzako txirrindulariei beraien esperientzia transmititzeko eta heziketan laguntzeko, Lokatzatik pasatako txirrindulariak ere izan dituzte. Orain amateur mailan dabiltzan Unax Errasti eta Beñat Iñarra eta Euskaltelen ibilitako Mikel Aristi. Baita, Espainiako Vueltan etapa irabazitakoa den Mikel Iturria ere.
 
2025ean ere Lokatzako taldeen babesle nagusiek jarraitu egingo dute, eurei esker, txirrindulariek urtean zehar lehiaketa guztiak egiteko aukera izaten dute. Autonomikoak, estatukoak zein nazioartekoak izan. Horrela bada, taldeak eskerrak eman nahi die Bolintxo Okindegia, Lana Kooperatiba eta Igamo Packaging enpresei beraien babes eta laguntzagatik. Bide beretik eskerrak beste laguntzaileei, txiki zein handi, bazkideei eta kolaboratzaileei, guztien artean bakoitzak bere aletxoa jarriz, proiektua posible egiten dutelako. Aurten, Liv bizikletak izango dituzte emakumeek lasterketetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak