Valentzian izan dira Igamo Packaging taldeko ziklistak

Valentzian izan dira Igamo Packaging taldeko emakumeak joan den asteburuan lehiatzen, larunbatean Naqueran eta igandean Estivellan.

Biak ala biak, Valentziako challengerako puntuagarriak izan dira eta Lokatzako neskekin batera Valentzia bertako txirrindulariez gain, estatutik joandako hainbat talde eta ziklista izan dira. Oraingoan, Igamo ordezkatzen, Izar Ezkibel oñatiarra, Itxaso Askasibar Elgetarra, Edurne Ormaetxea aramaioarra eta Itxaso Plaza arrasatearra izan dira.
 
Larunbatean, Naqueran 70 kilometroko ibilbidea izan zuten jubenilek eta hogeita hiru urtez azpikoek eta 35 kilometro kadeteek. Zirkuitu aldapatsua eta zigi-zagatsua izan zuten, bukaeran, 200m zuzengune pikoa igo behar zutelarik. Larunbatean postu onenak Itxaso Plazak 5. postua lortu zuen sub23 mailan eta Izar Ezkibelek aldiz, 16. kadete mailako lasterketan.
 
Igandekoa Estivellan, 68 kilometroko lasterketan, ibilbideak igoera gutxiago aurkezten zituen. Abiadura bizian ibili zen tropela eta Igamoko ziklistak adi-adi ibili ziren ibilbide bizkorrean. Igandekoan posturik aurreratuena Itxaso Plazen eskutik etorri zen sub23 mailan 6. postua eskuratuz. Aldi berean, beste top hamar bat lortu zuen Edurne Ormaetxeak, junior mailako sailkapenean 9. postua eskuratuz, Pontevedran lortutako 7. eta Errenteriako 4.arekin batera, urtea indartsu hasi duela erakusten ari da aramaioarra. 
 
Igamo Packaging taldeko neskek, hurrengo zita, Euskal Herrian izango dute, hiru eguneko Lea Artibai challengean partea hartu baitute ostiralean Lekeition hasi eta igandean Markinan bukatuz, tartean, Berriatuako etapa jokatuz. Joan zen urtean, junior kategorian zelarik, Plazak, etapa bat eta sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak