Larunbatean Zarautzen izan zuten lehiaketa Bolintxo - Lana taldeko kadete mutilek, 44 kilometroko ibilbidean. Zarautzetik Zumaiara kostako bidetik joanda, bukaeran, Meaga gaina zuten eguneko puntu bero bezala. Lokatzako kideek lasterketa osoa tropeleko lehen postuetan burutzea lortu zuten. Meagako lehen maldetara gerturatzen zeudela, talde osoa elkarrekin lehen postuak defendatzen zihoala, eroriko handi batek, sei txirrindularitik bost harrapatu zituen, garaipena lehiatzeko aukera guztiak galduz. Hala ere, helmugaratzea lortu zuten, urratu eta erredura txikiekin. Zorte txarra izan arren, gazteek lehiaketa grina erakutsi zuten eta taldeka seigarren postua lortu zuten erorikoa izan arren ere.
Igamo-Packaging taldea Espainiako Kopan
Hurrengo egunean, Beasainen, Espainiako Kopa zuten Igamo Packaging taldeko emakumeek, hau da, Estatu osoko talde guztiak bertan izan ziren. Jokatu zen lehen lasterketan, gazte mailakoan, Itxaso Plaza arrasatearrak 11. postua eskuratu zuen, ia lasterketa osoa, faboritoen taldean egin eta gero. Edurne Ormaetxea aramaioarrak ere, bukatzea lortu zuen; 110 txirrindularik hasi zuten lasterketan, 27k bakarrik lortu zuten amaitzea. Lehen urteko jubenila dela kontuan hartuz, emaitza polita hain maila altuko lasterketan.
Ondoren, kadete mailako nesken lasterketan, Itxaso Askasibar elgetarrak, 13. postua lortu zuen, Ormaiztegi inguruetan prestatu zuten baserri arteko ibilbide sigi-sagatsuan. Honek ere, buruko txirrindulariekin batera egin zuen lasterketa.
Datozen lasterketak
Hurrengo hitzorduak dira Mendaron, martxoaren 25ean (kadete mutilak) eta Pontevedra Espainiako kopako 3. puntuagarria martxoaren 26an (neskak).