Lore Martinez Axpe: "Zein ausarta den ezjakintasuna, Jon Juaristi!"

Erabiltzailearen aurpegia

Euskara nekazaritzarekin loturiko hizkuntza bezala deskribatzen du Jon Juaristik bere artikuluan, horrek euskara gutxietsi egingo balu bezala.

Zein azkar ahazten zaien batzuei nekazari eta baserritarrek, herri txikietako euskaldunek euskararen biziraupenean eginiko lana orain ez urte asko, gure hizkuntza anikilatzeko bidean zegoenean… Hori euskarari dagokionez eta nekazaritza bera ere gutxietsiaz, gure eguneroko bizitzan duen garrantzia ahaztuaz, landa garapena, gure ingurumenaren zaintzaile sutsuak… beste arrazoi asko eman ahal izango nituzke…harrotasunez lotu beharko genituzke euskara eta nekazaritza, biak dira-eta herri honen zati garrantzitsua.

Zorionez, eta Juaristi ohartu ez den arren, euskararen presentzia poliki-poliki sektore guztietara zabaltzen hasia da: nekazaritzan, ikastetxeetan, kalean, ingeniaritzan, unibertsitateetan, lagunartean, enpresetan, politikan, berrikuntzan, sare sozialetan… hor ari gara euskaldunok gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko duten ekintzetan. Twitterren ere sortu da lantalde bat Twitterra euskarara itzultzeko, euskaldunok euskaraz tuiteatu dezagun, ortuko haziak ereiten ditugun profesionaltasun eta harrotasun berarekin.

Bestalde, euskara ez dela defendatu behar, defendatu beharrekoa "askatasuna" dela dio... Ez du euskara defendatu beharra ikusten. Ez dakit zein mundutan bizi den, baina ez, behintzat, Euskal Herrian. Euskal Herrian oraindik ezin daitekeelako euskaraz bizi, bertan bizi garenok ezin dugulako euskaraz nahi beste galdetu, erantzun… eta batzuen ezjakintasunak eta ikasteko interesik, gogorik ezak, beste askoren euskaraz bizitzeko eskubidea zapuzten duelako. Eta euskara defendatzeak, askatasunerako bidea egitea suposatzen duelako, euskara edota erdaraz hitz egiteko aukera euskaldunok bakarrik bermatzen dugulako, euskaldunok bakarrik bermatzen dugulako bat edo besteak aukeratzeko askatasuna!

Bukatzeko eta atsotitz batek esaten duen bezala, "mina, ahal duenak egiten du, ez nahi duenak". Halako birus arraroen aurrean, bakuna ezin hobea daukagu euskaldunok, erabil dezagun: zure ingurunean, zauden tokian zaudela, exijitu eta erabili Europako hizkuntza zaharrena, euskara (k-rekin)!

------------------------------------------------

Lore Martinez Axpe
(Aretxabaletako EAko zinegotzia)
Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.