Intsektu guztiak ezberdinak dira: handiak, txikiak, koloretsuak, ilunak, eskolara kantuan edo nagikeriak jota doazenak. Gipuzkoan dagoen herri bateko eskolan Tximeleta Gela dago. Bertara doazen tximeletek berezitasun bat daukate, ezin dutela beste tximeleten moduan hegan egin. Gehienetan, tximeleta hauek "hegan egin ezin duten tximeleten eskola"-ra joan ohi dira, intsektuen eskoletatik urrun. Hegan ezin duten tximeletak beste intsektuekin egon nahi zutela ohartu ziren Luis Ezeiza eskolan, eta haientzako gela bat egokitzea erabaki zuten, Arrasate institutuan ondoren.
Zenbat momentu bizi izan dituzten Tximeleta Gelan beste intsektu guztiekin batera: ikasten, jolasean, korrika, kantuan, bazkaltzen, lotan, dantzan... beraien modura hegan egiten! Ezgaitasun handia duten haurrei, haurrak diren heinean, haurrekin egotea dagokie. Lehenengoen behar bereziak modu egokian beteko dituzten eskola inklusiboetan, haur guztiak batera etorkizuneko gizartea eratzen.