Txalotu nahi ditut bereziki esfortzua txalotzen dutenak: zailtasun gehiago eta laudorio gutxiago izan arren, beraien metak lortzeko lan izugarria egiten duten pertsonak animatzera doazen horiek. Adibidez, joan den astean Europa mailako notizia izan zen San Mames bete egin zela nesken partidu bat ikusteko; horretaz gain, gure bailaran pilotako emakumeen Master Cup-ak ere gero eta oihartzun handiagoa du.
Ez ditut ahaztu nahi gure inguruetan ditugun lasterketetako ikusleak. Lehenak pasatzerakoan ikusle mordoa egoten da; azkenak joaten garenean, berriz, ez dira horrenbeste izaten, baina haien txaloek bai ematen dutela indar berezia. Amaitzeko, txaloak zuri ere, lerro hauen amaierara iritsi zara eta.