Horregatik ez gaude batere ados irailaren 8an Hondarribian tradizioaren izenean plastiko beltzez jaia belztu zutenekin. Gaur gauean Oñatiko danborradan emakumeak eta gizonezkoak irtengo dira danborra jotzen, baina hori ez da beti horrela izan. Garai batean, gizonezkoek bakarrik zuten zeregin hori eta emakume talde batek tradizio hori moldatzea erabaki zuen, zorionez. Aurten ere aldatu da aspaldiko beste tradizio bat gurean, Corpus egunean neskak aritu baitziren dantzan. Imajinatzen dut egongo direla aldaketa hauek gustuko ez dituztenak, baina orokorrean herrian Oñatz taldearen erabaki honek ilusioa eta harrotasuna ere piztu zuela esango nuke.
Berdintasunaren bidea harriz josita dago. Ari gara, hala ere, harri horiek jaso, aldamenera bota eta bidea berdintzen; hori bai, poliki samar, nire gusturako. Hondarribian, orain dela 20 urte jaso zen harri horri begira daude oraindik, perspektiba guztiz galduta.