ASPACEtik etorri zaigun kanpainari jarraiki, Selfie bat garun paralisiaren alde, Eskoriatzako Luis Ezeiza ikastetxean izan naiz Tximeleta gelakoekin, eta bertako ikasle eta irakasleekin selfie berezi bat ateratzen. Bide batez, gonbidatzen zaituztet Youtuben Tximeleta gelako neska-mutikoak ezagutzera. Urteko egun guztiak dira zerbaiten Mundu Eguna, eta batzuetan geure buruari galdetzen diogu zentzurik ote duen. Baina gaurkoa bezalako egun baten zentzua garun paralisidun pertsonen alde aldarri egitea da.
Garun paralisidun pertsonak gizarteratzeko orduan lan handia daukagu, banakakook gure egunerokotasunean eta erakundeek gestio integratzaile arduratsuak diseinatuaz. Baina izugarrizko lan baliotsua egiten dute egunero hainbat eta hainbat pertsonak, eta beraiei eskaini nahi dizkiet gaurko lerro hauek. Garun paralisidun pertsonekin lan egiten duzuen guztioi nire eskerrik beroenak: terapeuta, hezitzaile, logopeda, monitore, garraio berezien gidari, mediku, psikologo, garbitzaile, laguntzaile, irakasle, ikasle, zaintzaile. Zuek egiten duzue garun paralisidun pertsona bat askeago, eta, bide batez, mundu hau hobe.